Joan Peñarroyaren gizonek talde zuria garaitu dute Costellok azken segundoan erdietsitako hiruko bati esker.
Talde gasteiztarrak neurketa bikaina jokatu du eta 81 eta 85-eko markagailuarekin, Euroleagueko liderrari irabazi dio. Matt Costellok azken segundoan sartutako hiruko batekin, Cazoo Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du. Beste jardunaldi batez, Play Off-etako postuetan mantenduko da talde arabarra. 18 puntu, 14 asistentzia eta 32-ko balorazioarekin, Darius Thompson izan da norgehiagokako jokalaririk nabarmenena.
Zuriak, Baskonia baino hobeago sartu dira partidara eta hori baliatu dute lehen abantailak lortzeko (9-2). Arabarrak baina, suspertu eta diferentzia puntu batera ekartzea lortu dute. Lehen laurdenaren amaieran erasoan hainbat huts eginez, etxekoek bost puntuko aldea lortu dute (22-17). Bigarren laurdenaren hasiera Baskoniaren aldekoa izan da. Erasoko erritmoa berreskuratuta, markagailua irauli eta aurretik jarri da (30-32). Arabarrak diferentzia handitzen ahalegindu dira baina Real Madrilen hiruko saskiraketek, atsedenaldira aurretik joateko balio izan diete (43-40).
Aldageletatik bueltan, partida bere aldera eramateko hautuarekin atera dira gasteiztarrak, eta 4 eta 12-ko partzial batekin, 47 eta 52 jarri dira. Honek Chus Mateoren huts artea eragin du eta honen ondoren iritsi da etxekoen susperraldia. 15 eta 3-ko partzial batekin, berriz ere markagailuan aurretik jarri dira (65-62). Azken laurdenean hiruko jaurtiketak nagusitu dira. Erritmoa handituz, Madrildarrak sei puntuko aldearekin jarri dira. Cazoo Baskoniak amaieraraino borrokatu du eta garaipen garrantzitsua bereganatu du Matt Costellok azken segundoan saskiratutako hiruko bati esker.
Garaipen garrantzitsua Play Off-etako postuei begira. Asteko lehen partida irabazi ondoren, talde arabarra etxera itzuliko da ostiral honetan (20:30h), Monakoaren aurka Euroleagueko jardunaldi berri bat jokatzeko.