Partida hasiera on bat ez da nahiko izan Belgraden irabazteko
Cazoo Baskoniak ezin izan du Izar Gorri handi bat menderatu Belgradera egindako bisitan. Serbiarren defentsa gogorrak talde arabarraren saskiraketak zaildu ditu. 15 puntu, 6 errebote eta 19-ko balorazioarekin, Darius Thompson izan da gasteiztarren jokalaririk nabarmenena.
0 eta 5-eko partziala ezarriz, ondo ekin diote norgehiagokari Joan Peñarroyaren gizonek. Arabarrak saskiraketen erritmoa mantendu dute, lehen laurdena bost puntuko abantailarekin amaituz (21-26). 0 eta 9-ko beste partzial batekin, neurketako alderik handiena lortu du Cazoo Baskoniak (24-35). Etxekoek defentsako intentsitatea handitu eta arabarren saskiraketak zailtzen joan dira. 11 eta 0-ko partzial batek Joan Peñarroyaren hutsartea eragin du. Dusko Ivanovicen taldearen defentsak atsedenaldira markagailuan aurretik joatea ekarri die (39-38).
Partidaren erritmoak bere horretan jarraitu du aldageletatik bueltan eta Izar Gorriak aldea hamar puntuetara eraman du. Cazoo Baskoniak ezin izan du hasierako erasoko jokoa errepikatu eta azken hamar minutuetara 57 eta 49-ko markagailuarekin iritsi da. Izar Gorriaren jokoari aurre egiten ahalegindu dira Joan Peñarroyaren gizonak baina azkenean 74 eta 63-ko markagailuarekin erori dira.
Cazoo Baskoniak asteko bere bigarren erronkari begiratzen dio. Igande honetan (17:00h), Bilbao Basketen bisita jasoko dute denboraldiko bigarren Euskal Derbian.