Gironari 70 eta 75-eko markagailuarekin irabazi ostean, talde arabarrak 28 garaipenekin eta bigarren postuan itxi du denboraldi erregularra.
Gironan lortutako garaipenarekin eman dio amaiera denboraldi erregular bikain bati Cazoo Baskoniak. Bàsquet Gironaren aurka, Endesa Ligako 28 garaipena erdietsi du talde arabarrak, sailkapeneko bigarren postuan amaituz eta finalerdietan kantxa faktorea bereganatuz. Final laurdenetan Joventut izango du aurkari. 11 puntu, 6 errebote, 5 asistentzia eta 21-eko balorazioarekin, Maik Kotsar izan da gasteiztarren jokalaririk nabarmenena.
Hasiera parekatua Gironan. Joan Peñarroyaren gizonek aurrerapausoa eman dute erasoko jokoan eta 0 eta 6-ko partzial batekin, norgehiagokako lehen abantailak lortu dituzte (15-21). Partidaren agintea hartuta, aldea 14 puntura eraman dute arabarrek. Aitoren gizonak ez dira errenditu eta erasoko jokoan erritmoa hartuz, diferentzia murriztea lortu dute lehen zatiaren amaieran (34-40).
Atsedenalditik bueltan, errenta handitzea lortu du Cazoo Baskoniak. Etxekoek erreskadan egindako hainbat jokaldi onekin, bi puntura hurbiltzea lortu dute hirugarren laurdena amaitzeko minutu baten faltan (57-59). Girona ahalegindu bada ere, Endesa Ligako bere 28. garaipena lortu du talde arabarrak (70-75).
Bàsquet Gironaren aurka garaipena lortuz eta sailkapeneko bigarren postua bereganatuz eman dio amaiera Endesa Ligako fase erregularrari Cazoo Baskoniak. Larunbat honetan (18:30), urdin-gorriak Buesa Arenara itzuliko dira PlayOff-ari ekiteko. Lehenengo kanporaketan, Joan Peñarroyaren gizonek Joventuten aurka jokatuko dute.