Kataluniarren erasoko joko hobeak, finalerdietatik at utzi du talde Gasteiztarra
Hasiera on baten ondoren, 94 eta 81 erori da anfitrioiaren etxean Cazoo Baskonia. Joan Peñarroyaren gizonek agur esan diote Errege Kopari. Amaierara arte borrokatu arren, ezin izan zuten garaipena lortu. 16 puntuko balorazioa erdietsita, Matt Costello eta Tadas Sedekerskis izan dira talde arabarreko jokalaririk nabarmenenak.
2 eta 11-ko partziala ezarriz, hasiera bikaina eman diote partidari Joan Peñarroyaren gizonek. Bere taldearen erreakzioa bilatzeko asmoz, hutsartea eskatu du Carles Duranek. Aulkitik bueltan, erasoko jokoan aurrerapausoa eman du Badalonako taldeak eta diferentzia hiru puntura murriztea lortu du. Lehen laurdena Baskoniaren aldeko 14 eta 19-ko markagailuarekin amaitu da. Bigarren laurdenean, aldea berriz ere hiru puntura murriztu badu ere, talde gasteiztarrak sentsazio onak errekuperatu eta aldea handitu du (25-32). Erasoko jokoan martxa bat ezarriz, partida berdintzea lortu du Badalonako taldeak (34-34). Azken minutuetako oldarraldi batek, zazpi puntuko aldea eman dio Cazoo Baskoniari lehen zatiaren amaieran (35-42).
Anfitrioia indarberrituta atera da aldageletatik eta hasiera on batekin, markagailuan aurretik jartzea lortu du (47-44). Cazoo Baskoniak ahaleginak egin ditu aldea murrizteko baina diferentziari ondo eutsi diete Carles Duranen gizonek, azken laurdenera 68 eta 57-ko markagailuarekin iritsiz. Talde arabarrarengan presio izugarria ezarriz, 14 puntuko aldea lortu dute laurdeneko lehen minutuetan. Azkenean, 94 eta 81 erori da Cazoo Baskonia.
Gasteiztarrek agur esan diote Errege Kopari.