Euroleagueko jardunaldi berri batean, Anadolu EFES mendean hartzea bilatuko dute Joan Peñarroyaren gizonek
Euroleagueko azken bi edizioak irabazi dituen Anadolu EFES-en bisita jasoz, Europako txapelketako erronka berri bati egingo dio aurre Cazoo Baskoniak ostiral honetan (20:30). Zaleen aurrean garaipena lortu eta sentsazio onak berreskuratzea izango dute helburu Joan Peñarroyaren gizonek. Lehen itzuliko partidan arabarrak atera ziren garaile 78 eta 83-ko markagailuarekin. Garaipenaren bidera itzultzeko nahiarekin iritsiko dira neurketara bi taldeak.
7º Cazoo Baskonia (11 garaipen eta 9 porrot): Joaneko partidan egin zuten balentria errepikatzen ahaleginduko dira ostiral honetan (20:30) Joan Peñarroyaren gizonak. Buesa Arenako berotasunean, txapelketako 12. garaipena lortu nahi dute, lehen jardunaldiaz geroztik irten ez diren playoff postuetan mantentzeko. Partidako hiruko gehien sartuz (10,8) eta bigarren talderik saskiratzaileena izanez (84,1), Euroleagueko talderik erasokorrenetakoa da Cazoo Baskonia.
9º Anadolu EFES (10 garaipen eta 10 porrot): Euroleagueko azken bi partidak galtzetik iritsiko dira Gasteizera Ergin Atamanek zuzentzen dituen gizonak. Bigarren itzulira begira, hainbat aldaketa egin ditu talde Turkiarrak. 16/17 denboraldian Baskoniaren kamiseta jantzi zuen eta joanekoan lesionaturik zegoen Shane Larkin berreskuratu du EFES-ek. Zalgirisek fitxatu berri dituen Isaiah Taylor eta Achille Polonara ordezkatzeko Chris Singleton iritsi da. Aldakan ebakuntza egin ondoren, Dogus Balbay baja izango da.
24 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta garaipenen balantza 11-koa da Gasteiztarrendako eta 13-koa Turkiarrendako. Egungo Europako txapeldunaren aurrean eta etxeko berotasunean, garaipenaren bidera itzultzeko nahia dute Joan Peñarroyaren gizonek. Astea Murtzian itxiko dute, Sito Alonsok zuzentzen duen taldeari bisita eginez (Igandea, 17:00).