Zurbanoko pabiloiak mende laurdena bete du EuroLeague-n, Europako saskibaloiko esparrurik ikonikoenetako batean bihurtuz.
2000. urteko urriaren 25ean, Buesa Arenak Europako txapelketa nagusiko bideari hasiera eman zion. Garai hartan, Tau Ceramicak Region Wallone Sprirou Charleroiren aurka jokatu zuen eta gasteiztarrek Europako lehen garaipen ofiziala sinatu zuten. Hurrengo mende laurdena izango zenaren norabidea markatu zuen egun historikoa.
25 urte geroago, tenplu urdin-gorriak Europako saskibaloirik onena hartzen jarraitzen du. Bi hamarkada eta erdian, Baskoniak 312 neurketa jokatu ditu etxean, EuroLeagueko historian bere kantxan lehia gehien jokatu dituen laugarren taldea izanik, Bartzelona, Olympiacos eta Panathinaikosen atzetik. Buesa Faktorea funtsezkoa izan da 25 urte hauetan, zaleen begiradapean 218 garaipen lortuz Europan.
Txapelketa hasi zenetik, Zurbanoko harresiek Europako saskibaloiaren esparruko potentzia gorenak hartu dituzte. Euskal hiriburua eta Baskoniaren pabiloia Europako erreferente izatera iritsi zen, 2019ko Lauko Finalaren egoitza bihurtuz.
Kolore urdin-gorriarekiko grina Arabako lurraldearen barruan eta kanpoan hazi den bezala, gure agertoki nagusiak ere bilakaera izan du eta mugak zabaldu ditu. Europako elitean jokatu ziren lehen 11 denboraldietan, Buesa Arenak 9.700 eserleku zituen guztira, 123 norgehiagoka hartuz. 2011/12 denboraldian Baskoniak aurrerapausoa eman zuen, Buesa Arenako edukiera 15.504 eserlekutara zabalduz. Orain arte 307 lehia jokatu dira. Berritze prozesuan, 5 neurketa jokatu ziren Iradier Arenan.
Berritze horri esker, Buesa Arena EuroLeagueko pabiloirik garrantzitsuenen artean sartu zen. Gaur egun, asistentzia bolumenean bost estadiorik onenen artean dago gurea, Oaka, Stark Arena, Uber Arena eta Unipol Forumen atzetik.
Buesa Arena Europako gau handien lekuko izan da 25 urtez, eta une horiek betirako markatuta geratuko dira historia urdin-gorrian. Zurbanoko pabiloiak partiden eszenatoki bat baino askoz gehiago izaten jarraitzen du: historia urdin-gorria pausoz pauso eraiki den tokia da, garaipenez garaipen. Tenplu honetako txoko bakoitzak milioika zaleren energia gordetzen du, kolore urdin-gorria banderatzat hartuta, harmailak eta historia une ahaztezinez bete dituztenak. Eta bere harresien artean balentria handiak bizi izan diren arren, Buesa Arenak taupadak ematen jarraitzen ditu, EuroLeagueko hurrengo gauen zain. Historiak aurrera jarraitzen du, eta elkarrekin idazten jarraituko dugu.