Etxeko bolada onari jarraipena emanez, Endesa Ligako 25. garaipena lortu dute arabarrek.
Beste jardunaldi batez lidertzan jarraitzeko garaipena lortu dute Joan Peñarroyaren gizonek. Hasierako bostekoan sartuta, Tadas Sedekerskisek ere albiste ona eman du. Emaitza honekin, Cazoo Baskoniak bere 14. garaipena lortu du Buesa Arenan, etxeko azken 13 partidak jarraian irabaziz. 6 jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 30 puntu eta 27-ko balorazioarekin, Markus Howard izan da jokalaririk nabarmenena.
Erreskadan lau hiruko sartuta, hasiera bikaina eman dio norgehiagokari Markus Howardek. Hegalekoaren puntuei esker, partidako lehen abantailak lortu ditu Cazoo Baskoniak (12-8). Breoganeko entrenatzaileak eskatutako hutsartearen ondoren, galiziarrek markagailuan hurbiltzea lortu dute (14-13). Etxekoek aldea mantendu dute eta lehen laurdena 22 eta 18-ko markagailuarekin amaitu da. Bigarren laurdenean, diferentzia handitu egin dute arabarrek (30-22). Joan Peñarroyaren gizonek hainbat huts kateatu dituzte erasoan eta hori baliatu du Breoganek aldea bi puntura ekartzeko (33-31). Cazoo Baskonia baina, aurretik iritsi da atsedenaldira (45-37).
Aldageletatik indartsu atera dira Joan Peñarroyaren gizonak eta diferentzia 14 puntura eramatea lortu dute (57-43), Breoganeko entrenatzailearen hutsartea eraginez. Lugoko taldea, etxekoen saskiraketak galarazten ahalegindu bada ere, azken laurdenera aldea politarekin iritsi da Cazoo Baskonia (67-50). Gasteiztarrek ondo mantendu dute abantaila eta 22 puntuko errenta (80-58) lortu dute partida amaitzeko bost minuturen faltan. Txapelketako 25. garaipena lortuta, Endesa Ligako lidertzan mantentzen da Cazoo Baskonia.