Turkish Airlines Euroleagueko 19. jardunaldian, ezin izan dute Partizan mendean hartu Joan Peñarroyaren gizonek
Belgradeko partida porrotarekin amaitu du talde arabarrak. Marcus Howard eta Pierriá Henry, bi jokalari garrantzitsuren bajekin, ezin izan dute Partizango taldea gainditu Joan Peñarroyaren gizonek. 7 puntu, 6 errebote eta 14ko balorazioarekin, Tadas Sedekerskis izan da talde arabarreko jokalaririk nabarmenena.
Erritmo eta intentsitate handiko partida hasiera izan da eta erreskadan saskiraturiko bi hirukorekin, neurketako lehen abantaila lortu du Cazoo Baskoniak. Erasoan baloia ondo mugituz, puntuak errez lortzeko bidea lortu dute Zeljko Obradovicenen gizonek, markagailua irauliz eta Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Joko ona eginez, hamabi puntuko aldearekin iritsi dira Serbiarrak lehen laurdenaren amaierara (29-17). Hirukoak sartuz eta Baskoniari bere erasoko jokoa galaraziz, alde handiagoa lortu dute etxekoek, baina aurrerapausoa emanda, atsedenaldirako aldea zertxobait murrizteko gai izan dira arabarrak (47-36).
Aldageletatik bueltan bere erritmoa ezartzen ahalegindu da Baskonia baina Serbiarrek ondo eutsi diete lehen zatiko intentsitateari. Maik Kotsarren puntuek aldea murriztu badute ere, Obradovicen gizonen lan onak, diferentzia hamazazpi puntura eramatea ekarri du azken laurdenari begira (67-50). Aldea iraultzen ahalegindu badira ere, etxekoek ondo kudeatu dute abantaila.
Hurrengo erronkari begira daude jada Joan Peñarroyaren gizonak. Buesa Arenatik kanpo bi partida jokatu ondoren, astea etxean itxiko dute Endesa Ligako jardunaldi berri batean. Igande honetan (17:00) Joventuten bisita jasoko dute arabarrek.