Joan Peñarroyaren gizonek lau norgehiagoka jokatuko dituzte, tartean, aurre-denboraldia itxiko duen Araba Saria Derthona Basketen aurka.
Denboraldi berrirako prestaketa abiatu du Baskoniak eta talde euskaldunak definitu ditu Breoganen aurkako Endesa Ligako hasiera prestatzeko aurre-denboraldian jokatuko dituen lau norgehiagokak.
Datorren irailaren 8an hasiko dira aurre-denboraldiko neurketak. Joan Peñarroyaren gizonek, Endesa Ligara igo berri den Zunder Palentziaren aurka jokatuko dute ateak itxita Buesa Arenan (19:00h). Lau egun beranduago, irailaren 12an, Casademont Zaragozaren aurka neurtuko ditu indarrak. Norgehiagoka ateak irekita jokatuko da Lizarran (19:00h).
Euskal Kopa datorren irailaren 15ean (19:30h) ospatuko da Galdakaon. Surne Bilbao Basketen aurka titulu berri bat lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak.
Derthona Basketen aurka Araba Sarian
Beste behin, aurre-denboraldiko partidak Araba Sariarekin amaituko dira. Baskoniak, Derthona Basket izango du aurkari Zurbanoko pabiloian. Tortonako hirian egoitza duen eta Lega Basket Serie A-n lehiatzen duen talde italiarra izango da Endesa Liga hasi baino lehen jokatuko duen laugarren eta azken neurketa.
Datorren irailaren 19an (20:00h) Buesa Arenan jokatuko duen norgehiagokak zaleen aurrean aurkezteko balio izango du.