Dusko Ivanovicen gizonek europako lehen fase 18 garaipen eta 16 porroteko balantzearekin itxi dute
Meritu handiko garaipena urdin-gorrientzat. Talde gasteiztarrak Virtusen aurka lortu du Euroleagueko fase erregularreko azken neurketan. Baskoniak zortzigarren postuan amaitu du liga erregularra 18 garaipen eta 16 porroteko balantzearekin. 34 puntu, 3 asistentzia eta 27-ko balorazioarekin, Markus Howard izan da lehiako MVP-a.
Hasiera trabatua Virtus Segrafedo Arenan. Bi taldeek patxada mantendu dute erasoan gauzak ondo egiteko asmoarekin. Etxeko taldeak hartu du aurrea, baina Baskoniak gertutik jarraitu dio neurketa berdinduta mantentzeko (22-21). Gidoi berdina bigarren laurdenaren hasieran. Talde italiarrak lehiaren agintea hartu eta bederatzi puntuko aldea lortu du atsedenaldirako hiru minuturen faltan. Luca Banchirenek baloi galduak eta urdin-gorrien erabaki txarrak aprobetxatu dituzte aldea handitzeko (53-44).
Aldageletatik bueltan, Markus Howardek bere taldea gerturatu du, hiru puntura jarriz. Boloniako taldeak erritmoa berreskuratu du aldea handitzeko, baina Codi Miller-McIntyrek, 12 puntu saskiratuta, aurretik jarri du Baskonia azken laurdenari begira (74-75). Dusko Ivanovicen gizonak garaipena lortzeko atera dira. Virtusek baina ez ditu gauzak erraz jarri eta neurketa berdintzea lortu du minutu eta erdiren faltan. Baskoniak sinistu egin du eta izaera erakutsita, Euroleagueko fase erregularreko azken garaipena lortu du (91-95), PlayIn-era begira zortzigarren postuan amaituz.
Talde euskaldunak nota onarekin amaitu du europako lehen fasea eta etxera itzuliko da Endesa Ligako jardunaldi berri bati aurre egiteko. Dusko Ivanovicen gizonek Rio Breoganen aurka neurtuko dituzte indarrak Buesa Arenan igande honetan (12:30), etxeko txapelketako 29. jardunaldiari dagokion neurketan.