Dusko Ivanovicen gizonek Belgraden jokatuko dute Play In-eko lehia.
18 garaipen eta 16 porroteko balantzearekin denboraldi erregularrean, Baskoniak zortzigarren postua lortu zuen Play In-ari begira eta Maccabiren aurka jokatuko du astearte honetan (19:00). Zazpigarren postuan, 20 garaipen eta 14 porroteko balantzearekin, iritsiko dira Oded Kattashenak. Etxetik kanpo, playoff-etara zazpigarren postuan sailkatzea bilatuko du talde arabarrak. Bi taldeen arteko azken neurketan, urdin-gorriek 92 eta 82 irabazi zuten eta bihar emaitza berdina errepikatzen ahaleginduko dira.
Txapelketako saskiratzailerik onenetarikoak diren bi jokalari izango dira aurrez-aurre, sailkapen honen lidertzan dagoen Markus Howard (19.4 puntu) eta hirugarren postuan kokaturik dagoen Wade Baldwin (17.7 puntu). Urdin-gorriek, txapelketako asistentzia emailerik nagusiena dute, Codi Miller McIntyre (7.2 asistentzia), aldiz, Tel Aviveko taldeak saskiratze pase gehien ematen dituen hirugarren jokalaria du, Lorenzo Brown (6.2 asistentzia). Puntuetan, erreboteetan zein asistentzietan, Baskonia bosgarren talderik onena da eta Maccabi bigarrena.
Maccabibeko kapitaina, John DiBartolomeo, zalantza izango da azken ordura arte. Gainontzeko jokalariak Oded Kattashen aginduetara izango dira.
Lehen aukera playoff-etara begira. Belgradeko Stark Arenan irabaziz gero, Baskonia zazpigarren postuan sailkatuko litzateke, hurrengo fasean Panathinaikosen aurka jokatuz. Aldiz, urdin-gorriak Maccabiren aurka erortzen badira, Buesa Arenara itzuliko lirateke (ostirala 19), Anadolu Efesen eta Virtus Segafredoren arteko lehiaren irabazlearen aurka, playoff-etako azken txartela jokatzeko.
Bi taldeek 38 aldiz neurtu dituzte indarrak eta Baskonia 18tan atera da garaile. Astearte honetan (19:00), Dusko Ivanovicen gizonek garaipen berri bat lortzen ahaleginduko dira. Euroleagueko Playoff-etarako txartela lortuz.