Dusko Ivanovicen gizonek Euroleagueko erreskadako hirugarren garaipena lortu dute.
Garaipen garrantzitsua Bartzelonaren aurka Buesa Arenan (94-71). Baskoniak hasieratik eraman du norgehiagokaren agintea, talde balugranaren aurka garaipenik zabalena lortzeko (+23). 20 puntu, 7 asistentzia, 4 errebote eta 29-ko balorazioarekin, Codi Miller-McIntyre izan da neurketako jokalaririk nabarmenena, orain arte baskoniako elastikoarekin jokatu duen partidarik onena sinatuz.
Erritmoa eta intentsitatea neurketa hasteko. Bi taldeek beren erritmoa ezartzea bilatu dute lehen abantailak lortzeko, baina parekotasuna izan da nagusi lehen minutuetan. Baskoniak partidaren agintea hartu eta erasoan gehiago asmatuta, bederatzi puntuko aldea lortu du. Dusko Ivanovicen gizonek 26 eta 18-ko markagailuarekin itxi dute lehen laurdena. Intentsitatea bera hurrengo hamar minutuetan. Baskonia indartsu atera da eta defentsa on batekin, diferentzia handitzea lortu du. Hiruko marratik asko asmatu duen talde urdin-gorria 26 puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (55-29).
Aldageletatik bueltan, Bartzelonak aurrerapausoa eman du bere erasoko jokoan eta aldea murrizten ahalegindu da. Etxekoen defentsak diferentzia bere horretan mantentzea ekarri du eta montenegroko entrenatzailearen gizonek aldea politarekin iritsi dira azken zatira (70-53). Baskonia izaera inoiz baino gehiago bizi izan da Buesa Arenan eta talde arabarrak Euroleagueko erreskadako hirugarren garaipenarekin egin da (94-71).
Asteko lehen garaipena talde euskaldunarentzat. Hurrengo neurketan, urdin-gorriek frantziara bidaiatuko dute Asvel Villeurbanneren aurka jokatzeko (ostirala, 20:00). Igandean etxera itzuliko dira Valentzia Basketen aurka (17:00) Endesa Ligako jardunaldi berri bati ekiteko.