Talde urdin-gorriak kirola eta entretenimendua nahastea lortu du Buesa Arenatik 342.189 pertsona igaro diren denboraldian.
Baskoniak, kirol munduan entretenitzeko modua aldatzearen alde egin du azken bi denboraldietan. Opening Game-arekin, euskal taldeak hasiera eman zion denboraldi bizi bati. Buesa Arenan, saskibaloirik onenaren 34 neurketa jokatu dira eta zaleei balio erantsi bat emateko helburuarekin, abeslari, akrobata, musikari edo bakarrizketen emanaldiak antolatu dira.
Viccok, Maldita Nereak eta Juan Maganek oihala altxatu zuten Bilbao Basketen aurkako euskal derbian, 15.504 zale talde urdin-gorriari babesa emanez. Arratsalde horretan, koloretako eskumuturrekoek markatu zuten aldea Opening Game-aren bigarren edizioan.
Txapelketako egungo txapelduna den Real Madrilen aurkako Turkish Airlines Euroleagueko estreinaldia ez zen atzean gelditu. Gatibuk eta ETS-ko abeslari Iñigok nota musikala jarri zuten, zale gasteiztarrek euskal kulturan oihartzun handia duten bi artistekin bibratuz. Euskal Herriko ahotsik nabarmenetako batek, Sünek, Bartzelonaren aurka ere aritu zen.
Abraham Mateo ere protagonista izan da denboraldi bizi honetan, maila goreneko kontzeru bat emanez. Nazioarteko artista aritu zen gau berean, Baskoniak Tomasoi bana banatu zien Monakoren aurkako neurketara gerturatu ziren 11.000 lagun baino gehiagori.
Buesa Arenatik ez dira abeslariak bakarrik pasa. 2024. urtea Panathinaikosen aurka ireki zen egunean, Agustin Jimenezek barre bat baino gehiago atera zuen bere bakarrizketarekin. Aipamen berezia FreeStyle Motocross ikuskizunarentzat. Bertan izan zen nazioarteko motor-gidari akrobatarik onenetakoa den Dany Torres. Gau horretan, Tayra Taylor abeslari gasteiztarrak musika nota jarri zuen.
Break Dance-ko taldeak, Raul Romo eta Alex Haro saxofoi jotzaileek edota Carlos Tego biolin jotzaileak ere emanaldia eman dute Euskal Herriko hiriburuan. Gainera, Wonsenbe akrobazia taldearen emanaldiek edo Ikigairen koreografiek gasteiztar taldearen lehien atarikoak girotu dituzte.
Baskoniak ere oso momentu hunkigarriak bizi izan ditu aurten, hala nola, klubaren historiako bi jokalari esanguratsuenetakoak diren Luis Scola eta Tiago Splitterren kamiseten erretiroa. Omenaldi bikaina ere, talde urdin-gorriaren aulkian bere 750. norgehiagoka bete zuen Dusko Ivanovicentzat.
Zurbanoko pabilioitik 342.1889 zale igaro dira 2023-24 denboraldi honetan. Neurketako bataz beste 9505 ikusle izanik, 14 alditan gainditu dira 10.000 jarraitzaileak eta bi SOLD OUT bizi izan dira. 9.915 ikuslerekin, Euroleague osoko pabiloirik onena izan da eta Endesa Ligako bigarrena, 9.047 zalerekin.
Zalantzarik gabe, Buesa Arenak eta Baskoniak kirola eta entretenimendua uztartzeko moduan ezarri dute aldea denboraldi honetan.