Familia urdin-gorria hurrengo ostiralean, martxoak 7, elkartuko da Scola, Rakocevic, Laso eta Bodiroga bilduko dituen ekitaldi batean.
Baskonia eta EuroLeague Europako saskibaloiko lehiaketarik oneneko zilarrezko ezteiak ospatzen ari dira. Klub gasteiztarrak 25 urte bete ditu elite kontinentalean, eta hori ospatzeko unea iritsi da, denbora horretako bizipen handiak gogora ekarriko dituen dokumental baten estreinaldiarekin. Ekitaldian, EuroLeague-ko figura handiek ere parte hartuko dute, mende laurden honetan egindako bidea errepasatzeko.
Ondare eraikineko auditorioan dokumental bat estreinatuko da, erakundearen historiaren eta hazkundearen une garrantzitsu batzuk urdin-gorriez dar-dar egiten duten zale guztiei gogorarazteko. Ikus-entzunezko pieza honetan, Josean Querejetak, klubeko presidenteak, Alfredo Salazar idazkari teknikoarekin eta Felix Fernandez kirol zuzendariarekin batera, 25 urte hauetan bizitako mugarri nagusiak errepasatu eta lehiaketaren orainari eta etorkizunari buruz hausnartuko dute.
Gainera, Dejan Bodiroga, EuroLeague-ko presidentea, Pablo Laso, Baskoniako egungo entrenatzailea eta EuroLeague-ko bi edizioetako txapelduna, eta klubeko eta lehiaketako bi legenda, Luis Scola eta Igor Rakocevic, izango dira mahai-inguruan.
Eliteko 25 urteak ospatzeko ekitaldi paregabea izango da, klubeko hainbat pertsona ezagun, erakunde, Baskoniako egungo taldeko jokalari, jokalari ohi, abonatu, babesle eta komunikabide bilduz Ondare eraikinean.