Dusko Ivanovicen gizonek laugarren garaipena jarraian erdietsi dute Buesa Arenan.
Baskoniak garaipen garrantzitsua erdietsi du palentziako taldearen aurka kopako sailkapena lortzeko borrokan jarraitzeko. Hasiera zail bat izan duten arren, urdin-gorriek beraien erritmoa esartzea lortu dute Endesa Ligako zortzigarren garaipena lortzeko. 29 puntu, 12 errebote eta 42-ko balorazioarekin, Chima Moneke izan da norgehiagokako jokalaririk nabarmenena.
Hasiera parekatua Buesa Arenan. Baskoniak ezin izan du bilatu erasoko jokoko intentsitatea eta palentziako taldeak hori baliatu du urdin-gorrien aurretik jartzeko lehen laurdena amaitzeko bost minuturen faltan (14-20). Jaurtiketetan izandako portzentaje baxuek ez diote utzi Dusko Ivanovicen gizonei markagailuan aurretik jartzen bigarren laurdeneko lehen minutuetan. Talde euskaldunak aldea murriztea lortu du hiru eraso onekin, baina Zunder Palentziak partidaren agintea berreskuratu eta 37 eta 43-ko diferentziarekin iritsi da atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Baskonia aurrerapausoa ematen ahalegindu da neurketaren intentsitatea handituz. Alberto Padillaren gizonak ez dira atzean gelditu eta lehen zatiko erritmoarekin jarraitu dute. Urdin-gorriak puntu bakar batera jarri dira, baina palentziarren bi jokaldi onek, aldea handitzera eraman dute azken laurdenari begira (62-68). Codi Miller-McIntyrek lortutako hiruko batek aurretik jarri du Baskonia eta diferentzia gehiago handitu da Markus Howarden hiruko batekin. 22 eta 5-eko partzial batek beharrezko abantaila eman dio etxeko taldeari Endesa Ligako zortzigarren garaipena lortzeko (94-82).
Baskoniak bere hurrengo erronkei begiratzen die. Euroleagueko asteko neurketa bakarrean, Virtus Boloniak Buesa Arena bisitatuko du ostegun honetan (20:30). Urdin-gorriek maletak egin eta Bartzelonara bidaiatuko dute igandean (18:30), Barçaren aurka, Endesa Ligako jardunaldi berri bat jokatzeko.