Dusko Ivanovicen gizonek garaipena lortu dute Buesa Arenan Endesa Ligako hamaikagarren jardunaldian.
Baskoniak etxeko txapelketako seigarren garaipena lortu du Baxi Manresaren aurka Zurbanoko pabiloian. Talde garaipen bat, hasieratik markagailuan aurretik joan ondoren. 22 puntu, 5 errebote, 4 asistentzia eta 35-eko balorazioarekin, Chima Moneke izan da norgehiagokako jokalaririk onena.
Erritmoa eta intentsitatea neurketaren hasieran. Urdin-gorrien bi hirukok estreinatu dute markagailua. Manresako taldea ez da atzean gelditu eta aldea murriztu du. Gasteiztarrek partidaren agintea hartu dute eta lehen laurdena 29 eta 12-ko markagailuarekin amaitu dute. Gidoi berdina hurrengo 10 minutuetan. Baskoniak bere horretan jarraitu du eta aldea handituz joan da. Pedro Martinezen gizonak suspertu egin dira eta 3 eta 16-ko partzial batekin, atsedenaldira hamar puntura iritsi dira (51-41).
Aldageletatik bueltan, talde euskaldunak lehen zatiko aldea mantendu du. Baskoniak bederatzi puntuko (69-60) aldearekin ekin dio azken hamar minutuei. Baxi Manresak borrokatu egin du baina urdin-gorriek Endesa Ligako seigarren garaipena lortu dute (94-86) Chima Moneke handi baten gidaritzapean (35-eko balorazioa).
Dusko Ivanovicen gizonek beraien hurrengo erronkei begiratzen diete. Ostiralean (20:30) Valentziara bidaiatuko dute Euroleagueko hurrengo jardunaldiari aurre egiteko. Igandean, Joventuten aurka jokatuko dute Badalonan (18:30).