Pablo Lasoren gizonek Murtzia hartu dute mendean etxeko txapelketako hirugarren jardunaldian.
Endesa Ligako lehen garaipena urdin-gorrientzat zaleen babesean. Pablo Lasoren gizonek luzapenean gainditu dute Murtzia, etxeko txapelketako hirugarren jardunaldiari dagokion neurketan. Donta Hall ikusgarri batek 27 puntu, 9 errebote eta 45-eko balorazioa erdietsi du.
Hasiera trabatua baskoniarentzat Zurbanoko pabiloian. Sito Alonsok zuzendutako taldeak aurrea hartu du neurketako lehen minutuetan. Baskoniaren erantzuna berehala iritsi da eta erasoko hainbat jokaldi onekin eta Markus Howarden hiruko batekin, markagailua berdintzea lortu du lehen laurdenaren amaieran (20-20). Gidoi berbera bigarren laurdenean. Bisitariek, erasoan arinago egonda, saskiraketak lortu dituzte distantzia handitzeko. Baskoniak baina, aurrerapausoa eman eta diferentzia murriztea lortu dute atsedenaldirako (40-44).
Sito Alonsoren mutilak indartsu atera dira aldageletatik. Talde gasteiztarrak aurkariaren erasoko jokoa gelditzen ahalegindu da, baina Lasok hutsartea eskatu behar izan du bere taldea suspertzeko. Urdin-gorriek martxa bat gehiago jarri dute, aldea nabarmen murriztuz azken laurdenari begira (60-61). TLC-ren bi jaurtiketa libreek aurretik jarri dute taldea arabarra. Neurketaren parekotasunak bere horretan jarraitu du, luzapen bat behar izanik dena erabakitzeko. Baskoniak izaera erakutsi du, Donta Hall ikusgarri batekin, Endesa Ligako lehen garaipena erdiesteko (95-92).
Baskoniak Endesa Ligako lehen garaipena lortu du, denboraldiko lehen jardunaldi hirukoitzari aurre egin baino lehen. Astearte honetan (20:30), Real Madrilek kantxa gasteiztarra bisitatuko du Euroleagueko hirugarren jardunaldian. Europako txapelketako bigarren neurketa Villeurbannen jokatuko dute Asvelen aurka (ostirala, 20:30). Talde euskaldunak Bartzelonari bisita eginez itxiko du astea (igandea, 18:30).