Talde arabarrak, bigarrenez jarraian, aste borobila sinatu du granadako taldeari 104 eta 88 irabazi ondoren.
Garaipen garrantzitsua Dusko Ivanovicen gizonentzat zaleen aurrean. Baskoniak hasieratik hartu du neurketaren agintea eta txapelketako 14. garaipena bereganatu du Coviran Granadaren aurka. Markus Howardek, klubeko jokalari batek lehia batean inoiz sartutako hiruko markarik onena ezarri du, hamar saskiratzerekin.
Coviran Granadak estreinatu du markagailua lehen minutuan. Berehala iritsi dira etxekoen hirukoak Tadasen, Howarden eta Marinkovicen eskutik, neurketako lehen abantailak lortuz. Pablo Pinen gizonak ez dira atzean gelditu, baina talde euskaldunak, portzentai onak erakutsiz 6,75-eko marratik, aurretik amaitu du lehen laurdena (27-21). Etxekoek diferentzia handitzea lortu dute bigarren laurdenaren hasieran. Erasoko intentsitateak saskiratzeak lortzeko balio izan die urdin-gorriei, atsedenaldira zortzi puntuko errentarekin iritsiz (52-44).
Aldageletatik bueltan, Pablo Pinenak aldea murrizteko intentzioarekin atera dira, baina Dusko Ivanovicen gizonek erasoan erakutsi duten joko onak galarazi egin die. Baskonia 17 puntuko abantailarekin iritsi da azken hamar minutuetara (77-60). Gidoi berdina azken laurdenean. Urdin-gorriek agintea eraman dute, garaipen garrantzitsua bereganatzeko Endesa Ligan. Baskoniak aste biribila itxi du Buesa Arenan, etxeko txapelketako hamalaugarrena batuz (104-88).
Dusko Ivanovicen gizonek bigarrenez jarraian sinatu dute aste borobila Buesa Arenan. Urdin-gorriek hurrengo lehiei begiratzen diete. Europako txapelketako azken jardunaldi bikoitza Partizanen (asteartea, 20:30) eta Zalgirisen (osteguna, 19:00) aurka. Igandean (17:00), euskal derbia Miribillan.