Dusko Ivanovicen gizonek amaieraraino borrokatu dute baina ezin izan dute Partizan gainditu asteko lehen neurketan.
Baskoniaren porrota Partizanen etxean (87-83). Urdin-gorriak azkenera arte ahalegindu badira ere, ezin izan dute etxeko taldea gainditu. 13 puntu, 7 errebote eta 18-ko balorazioarekin, Matt Costello izan da jokalari gasteiztar nabarmenena.
Etxekoen aldeko 5 eta 0-eko partziala neurketaren hasieran. Urdin-gorriak beraien erritmoa ezartzen saiatu dira erasoan, baina lehen minutuetan asko asmatu duen Partizanek hartu du aurrea. Obradovicenek bederatzi puntuko errenta lortu dute, baskoniako entrenatzailearen hutsartea eraginez. Talde euskaldunak 23 eta 16-ko markagailuarekin itxi du lehen laurdena. Urdin-gorriak aldea murrizteko gai izan dira bigarren laurdenaren hasieran erasoko joko onari esker. Partizanen, lehiaren agintea berreskuratu du, baina gasteiztarrek erantzun eta bi puntuko desabantailarekin iritsi dira atsedenaldira (44-42).
Gidoi berdina aldageletatik bueltan. Obradovicen taldeak aurrerapausoa eman du eta diferentzia hamar puntura eramatea lortu du lehen hiru minutuetan. Baskonia 69 eta 60-ko markagailuarekin iritsi da azken laurdenera. Ivanovicen gizonak korrika egiten saiatu dira, baina jaurtiketetan izandako portzentai baxuek aldea murriztea galarazi die. Baskonia ez da errenditu eta bi puntura jartzea lortu du 39 segunduren faltan, baina azkenean Partizanek lortu du garaipena (87-83).
Talde euskaldunak bere bidaiarekin jarraitzen du eta dagoeneko hurrengo neurketei begiratzen die. Baskoniak Kaunasera bidaiatuko du, asteko europako bigarren lehian Zalgirisen aurka jokatzeko (osteguna, 19:00h). Astea, igandean (17:00) amaituko du Miribillan jokatuko den Bilbao Basketen aurkako derbian.