Talde urdin-gorriak porrota jaso du lehen zatitik maldan gora jarri den Endesa Ligako bigarren jardunaldiko neurketan.
Baskoniako jokalariek hasiera zaila izan dute Murtzian. Sito Alonsoren gizonek gehiago asmatu dute eta zortzi puntuko abantaila lortu dute lehen minutuetan (11-3), Joan Peñarroyaren hutsartea eraginez. Erasoko jokoan hobetu badu ere, bigarren laurdenera markagailuan atzetik iritsi da Baskonia (18-13). Erasoan hainbat jokaldi on kateatu ondoren, gasteiztarrak lau puntura hurbildu dira atsedenaldirako bost minuturen faltan (24-20). UCAM Murtziak partidaren agintea berreskuratu du eta 14 eta 4-ko partzial batekin, aldea handitu du atsedenaldirako (38-24).
Baskoniak ezin izan du diferentzia murriztu eta asko asmatu duen UCAM Murtziak agintzen jarraitu du hirugarren laurdenean. Azken hamar minutuetara 61 eta 48-ko markagailuarekin iritsi da. Azkenean, urdin-gorriek ezin izan dute hasiera zail bati buelta eman eta 88 eta 76-ko markagailuarekin erori dira Murtzian.
Baskonia bere hurrengo erronkan pentsatzen ari da. Datorren larunbatean (18:00), Surne Bilbao Basketen bisita jasoko du Opening Game-an, Buesa Arenako 23/24 denboraldiko lehen neurketan.