Fernando eta Cinthia, aita eta alaba, 2015-16 denboraldiko lehen abonatuak bihurtu dira.
“Atera ezazu barruan daramazun Akerra” lelopean, pasaden ostegunean 2015-16 denboraldiko abonatu kanpaina aurkeztu zen. Fernando eta Cinthiak asteak zeramatzaten familia baskonistaren parte izateko gogoz. Hori dela eta, abonatu kanpaina atera zen egunean bertan bihurtu ziren denboraldi berriko lehen abonatuak. “Oso dibertigarria eta deigarria iruditu zitzaidan kanpaina”, onartu du Cinthiak. Fernandori ere -Cinthiaren aita- asko gustatu zaio kanpaina, “jendea animatzea du helburu eta hori ondo dago”.
Fernandok urtebetetze egunean izan zuen opari “bereziena” izan zen abonatu txartela. “Beti gustatu zaio Baskonia eta beti izan da jarraitzaile. Beti izan du ilusio handia jarrita Baskonian. Hori dela eta, nire amak, ahizpak eta nik opari hau egitea erabaki genuen”, aitortu du Cinthiak (22 urte).
Fernando Mendizorrotza zaharraren garaian izan zen abonatua. Pasaden urtean partidu ugari ikusi zituen Buesa Arenan, baina aurtengoan partidu guztiak zuzenean ikusteko aukera izango du. “Nire hiriko taldea da eta irabazi dezan nahi dut beti. Beti borrokan ibiltzearen indarra da Baskonia”, azaldu du Fernandok. Cinthiak aldiz, Baskoniaren afizio leiala azpimarratu du. “Afizioa da Baskoniaren oinarria. Zalantzarik gabe, afizio onenetako bat da”.
Aurtengo denboraldian esperientzia izugarri hau familian biziko dute. “Ondo pasatzea” da helburua, beti ere “talde on bat eginez, emaitza onak izanik eta, batez ere, beti lehiatzeko prest egonez”, amaitu du Fernandok.