Pablo Lasoren gizonek ezin izan dute talde frantziarra gainditu, europako astea 1-1 amaituz.
Talde gasteiztarrak ezin izan du garaipena lortu azken minutuetan Villeurbannen. Pablo Lasoren gizonek markagailua irauli dute aldageletatik pasa ondoren, baina Asvelek erabaki hobeagoak hartu ditu amaieran, garaipena lortuz. Donta Hallek eta Chima Monekek neurketa ona jokatu dute 24 eta 25-eko balorazioarekin.
Etxekoen bi hirukok estreinatu dute markagailua Villeurbannen. Entrenatzaile gasteiztarrak neurketa gelditu du bere taldearen susperraldia bilatuz. Baskoniak ez du erasoko erritmoa topatu eta talde frantziarrak hori baliatu du diferentzia handitzeko (20-12). Gidoi berdina bigarren laurdenean. Talde gasteiztarrak jaurtiketan erakutsitako portzentai baxuak aldea murriztea galarazi dio, atsedenaldira 38 eta 26-ko markagailuarekin iritsiz.
Aldageletatik bueltan, Pablo Lasoren gizonek aurrerapausoa eman dute erasoko jokoan, erabaki hobeagoak hartuz. Urdin-gorriek neurketaren agintea hartu dute, markagailua irauliz hirugarren laurdena amaitzeko 20 segundoren faltan (53-54). Baskonia dena ematera kantxaratu da. Euskal taldeak erasoan erakutsitako sendotasunarekin eta Chima Monekeren (18 puntu) erritmo frenetikoarekin aldea gora joan da. Baina etxekoak ez dira atzean gelditu eta aurretik jartzea lortu dute amaierarako bi minutu eta erdiren faltan. Asvelen aldeko 7-0eko partzialak garaipena eman dio Frantziako taldeari (76-69).
Talde gasteiztarrak Bartzelonara bidaiatuko du. Baskoniak Barçaren aurka neurtuko ditu indarrak igande honetan, urriak 20, 18:30etatik aurrera. Pablo Lasoren gizonek Joan Peñarroyaren taldearen aurka itxiko dute denboraldiko lehen jardunaldi hirukoitza.