Euroleaguea 2000 urtean sortu zenetik, talde gasteiztarra da txapelketa europarreko talde saskiratzaileena.
Gasteiz, 2014ko azaroak 25. Olympiacosen aurkako neurketan, Laboral Kutxa Baskoniak 25.000 puntuak lortuko ditu Euroleaguean. Talde baskonistak 30 puntu behar ditu zifra historiko honetara heltzeko. Gauzak horrela, Baskonia izango da 25.000 puntuetara helduko den lehen taldea. 309 partidu eta 24.970 punturekin, talde gasteiztarra da Euroleagueko talde saskiratzaileena. Atzetik, FC Bartzelona (24.895), Maccabi Tel Aviv (24.617) eta Olympiacos (24.353) daude.
Fabricio Obertok lortu zuen Baskoniak Euroleaguen sartutako lehen saskiratzea. 2000ko urriak 18 hartan, TAU Ceramica zenak Cibona VIP historikoa izan zuen aurkari. Talde titular hartan Luis Scola eta Sergi Vidal bezalako jokalariak zeuden.
Dena dela, Elmer Bennet izan zen egun hartako izar nagusia (21 puntu, 6 errebote, 7 asistentzia, 3 lapurreta eta 31ko balorazioa). Lehen saskiratze berezi hau sartzeaz gain, Obertok 8 punturekin eta 3 erreboterekin bukatu zuen neurketa.
10.000. puntua Casey Jacobsenek lortu zuen CSKAren aurka -Top 16ko partidua-. Hegaleko kaliforniarrak titular jokatu zuen Pablo Prigioni, Travis Hansen, Luis Scola eta Tiago Spliterrekin batera. Egun hartan Jacobsenek 26 puntu sartu eta 29ko balorazioa lortu zuen.
20.000. puntua berriz, Mirza Teletovicek lortu zuen. 2011ko azaroak 10 hartan Baskoniak SLUC Nancy izan zuen aurkari. Jokalari bosniarrak partidu bikaina jokatu zuen, 24 puntu eta 13 errebote lortuz.
Gainera, Teletovic Laboral Kutxako bigarren saskiratzaile nagusia da Euroleaguean. Hegaleko-pibot bosniarrak 1.483 puntu lortu zituen 120 partidutan. Lehen postua berriz, Luis Scola argentinarrak du 2.054 punturekin. Fernando San Emeterio kapitaina ere bost saskiratzaile nagusien artean dago (1.197 puntu 125 partidutan).
15 urteko historia honetan, Laboral Kutxako lau jokalarik hogei saskiratze indibidual onen artean bost aldiz parte hartu dute: Macijauskasek 40 puntu saskiratu zituen Asvelen aurka, Stombergasek 39 puntu sartu zituen AEKren aurka (hirukoetan 9/9 mitikoa lortuz), Nocionik 37 puntu saskiratu zituen iaz Palaun lortutako garaipenean eta Luis Scolak 36 puntu lortu zituen 2006an Bamberg alemaniarraren aurka.