Joventuten aurka garaipena erdietsi ostean, Errege Kopako serie-buru izango dira Joan Peñarroyaren gizonak
Rokas Giedraitisek, azken segundoetan saskiratutako jaurtiketa libreei esker irabazi du neurketa talde gasteiztarrak. Erreskadako zortzigarren garaipena eskuratuta, Endesa Ligan gora egiten jarraitzen du Cazoo Baskoniak. Errege Kopako serie-buru izanez amaitzen dute astea Joan Peñarroyaren gizonek. Markus Howard eta Pierriá Henry-ren bajak gaindituz lortu dute garaipena. 20 puntu, 3 asistentzia eta 23ko balorazioarekin, Rokas Giedraitis kapitaina izan da talde arabarreko jokalaririk nabarmenena.
Cazoo Baskoniak ondo ekin dio partidari eta lehen abantailak lortu ditu. Hainbat hiruko saskiratuz, zortzi puntuko aldearekin amaitu du lehen laurdena (25-17). Aurrerapauso bat emanez, aldea murriztu dute Carles Duranenak (25-22). Presio handia eginez, puntu bakarrera ekarri du aldea talde katalanak atsedenaldirako bi minuturen faltan. Markagailuan alde egiten ahalegindu bada ere, aldageletara puntu bateko diferentziarekin iritsi da Cazoo Baskonia (39-38).
Joventutek markagailuan aurretik jartzea lortu du atsedenalditik bueltan baina Rokas Giedraitisen gidaritzapean, arabarrak erreakzionatzen jakin dute. Hirugarren laurden osoan parekotasuna gailendu da eta azken hamar minutuetara puntu bateko aldearekin iritsi da (71-70). Jokaldi on batzuen bitartez, bost puntuko aldea lortu dute kanpokoek bi minuturen faltan (75-80). Sei segundoren faltan saskiratutako bi jaurtiketa libreei esker, partida Cazoo Baskoniaren alde utzi du Rokas Giedraitisek (84-83).
Aste berriko bi hitzorduetan pentsatzen ari da jada talde arabarra. Ostegunean (20:30) eta Euroleagueko jardunaldi berri batean, Bartzelonaren bisita jasoko dute Joan Peñarroyaren gizonek. Astea Galiziako lurretan amaituko dute, Obradoiren aurkako partidarekin (Igandea, 12:30).