Igande honetan (18:30), Cazoo Baskoniak eta FC Bartzelonak Buesa Arenan jokatuko duten fase erregularreko azken norgehiagokarako prestatzen ari da Zurbanoko Pabiloia.
Baskoniako tenplua, Endesa Ligako lehen postua jokoan dagoen lehia erabakigarrirako prestatzen ari da. Zaleek izan duten erantzun bikainari esker, Zurbanoko pabiloiak denboraldiko bigarren sarrerarik onena erregistratuko du txapelketan. Bakh-eko fan zonearekin eta partidan zehar egingo diren hainbat ekintzekin, saskibaloiaren festa handia espero da.
Ekitaldia minutuz minutu
Arratsaldeko 16: 00etatik 18: 00etara, Bakh-en biziko da partida atarikorik onena. Txarangarekin girotuta, barrako ohiko zerbitzua izango da, eta bertan edariak eta pintxoak kontsumitu ahal izango dira partidaren aurretik indarrak hartzeko. Bertan dauden zale guztiekin gozatzeko eta argazkiak ateratzeko asmoarekin, Aker Kirol Hirian izango da.
Pilaketak saihesteko helburuarekin, pabiloiko 12 ateak 17:00etatik aurrera irekiko dira. Gainera, sarrera bakoitzean markatutako atearen ondoko sarbide-ateetatik sartu ahal izango da. Amutioren bideo mappingarekin batera egongo den taldearen aurkezpena (18:20) ez galtzeko, pabiloira garaiz joatea gomendatzen da.
Jokalarien harrera ohiko txalo zaparradarekin eta Buesa Arenako harmailak gorri-urdinez tindatuko dituen El Correoren mosaikoarekin egingo da.
Partidara bertaratzen diren guztiek txartel bat jasoko dute eta hau hanburgesa, patatak, edaria eta izozki konoa izango dituen McMenu batekin trukatu ahal izango da. Menuaz astelehenetik ostegunera bitartez gozatzeko aukera izango da, maiatzaren 15etik 31ra arte, Gasteizko, Miranda de Ebroko eta Logroñoko edozein McDonald´s-etan.
Ekitaldira joango diren zaleen kopurua dela eta, Tuvisak autobus zerbitzua indartuko du. Baskoniako jarraitzaileak partida bakoitzera ekartzen dituzten linea bereziek ohiko ordutegi eta irteera puntuak mantenduko dituzte, baina ohikoak baino bi autobus gehiagorekin indartuko da.
Arratsalde ahaztezin baten epizentroa izango da Buesa Arena. Endesa Ligako azken txanpan, 13.500 zale baino gehiagoren babesa jasoko du talde arabarrak.