Europako asteko bigarren norgehiagokan, Joan Peñarroyaren gizonek talde lituaniarraren bisita jasoko dute.
Aukera berri bat urdin-gorrientzat europako txapelketan batzen jarraitzeko. Aste honetan Buesan jokatuko den Euroleagueko bigarren neurketan, Baskoniak Zalgirisen bisita jasoko du (Osteguna, 20:30). Kazys Maksvytisen gizonek Zurbanoko pabiloia azkenekoz bisitatu zutenean, baskoniak 93 eta 73-ko markagailuarekin irabazi zuen. Ostegun honetan, garaipen berri bat lortzen ahaleginduko da talde arabarra.
Lituaniako hautatzaile bezala Serbiaren aurka Munduko Txapelketako final-laurdenetan erori ondoren, Kazys Maksvytis Zalgiriseko aulkira itzuli da Kaunaseko taldea bigarren denboraldiz jarraian zuzentzeko. Talde lituaniarrak hasiera ona izan zuen Euroleaguen Virtus eta Izar Gorria mendean hartu ostean, baina azken lehian, ezin izan zuen egungo txapelduna, Real Madril, gainditzerik izan (93-79).
Kaunaseko kluba bi aurpegi berrirekin iritsiko da Gasteizera. Isaiah Taylorren eta Ignas Brazdeikisen irteeren ondoren, lehena Asiarako bidean eta bigarren Olimpia Milanora, Zalgirisek bere kanpoko jokoa indartu behar izan du. EA7 Emporio Armani Milanetik etorritako Naz Mitrou-Long joko-antolatzaile kanadiarrak 6,7 puntu, 1,7 errebote, 1,3 asistentzia eta 2-ko balorazioa erdietsi du taldearekin jokatutako lehen hiru norgehiagoketan. Lituaniarren bigarren fitxaketa Tofas S.K Turkiako ligako taldetik iritsitako eta europan esperientzia ez duen Brady Manek estatubatuarra izan da. Lehen neurketetan, 9,3 puntu, 2 errebote eta 8-ko balorazioa erdietsi du Brady Manekek.
Euroleagueko denboraldi berria bi garaipen eta porrot batekin abiatu du Kaunaseko taldeak, bataz beste, 80 puntu, 32 errebote, 14 asistentzia eta 82-ko balorazioa erdietsiz. 13,7 puntu, 3,3 errebote, 2,7 asistentzia eta 13,7-ko balorazioarekin, Keenan Evans da taldeko jokalaririk nabarmenena. Ostegun honetan Buesa Arenara iritsiko dira urdin-gorrien aurka jokatzeko. Baskoniak eta Zalgirisek 28 aldiz neurtu dituzte indarrak europako txapelketan eta garaipenen balantzea 16 eta 12-koa da gasteiztarren alde. Bihar (20:30), Euroleagueko bigarren garaipena, lehena etxean, lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak.