Euroleagueko urteko lehen neurketan, Alemaniako hiriburura bidaiatuko dute Joan Peñarroyaren gizonek
Europako urteko lehen hitzordua izango du aurretik Cazoo Baskoniak. Txapelketako hamabigarren garaipena lortzeko helburuarekin, ALBA Berlini egingo dio bisita ostegun honetan (19:00). 2021eko urriaren 14an jokatu zuen azkenekoz talde arabarrak Mercedes Benz Pabiloian eta 76 eta 80ko markagailuarekin atera zen garaile. Sailkapeneko azken postuan kokaturik eta jokatu dituen azken zazpi partidetatik sei galdu ostean, alemaniarrak ez dira iritsiko beraien unerik onenean neurketara.
2021-2022 denboraldiaz geroztik da Israel Gonzalez Berlineko taldearen entrenatzailea. Alemaniako liga eta Kopa irabaztea lortu zituen pasaden denboraldian. 2008-2012. urteen bitartean, Kanaria Handiko prestatzailea izan zen.
Hiru garaipen kateatuta, modu bikainean hasi zuen txapelketa talde alemaniarrak. Hala ere, ezin izan zion erritmoari eutsi eta Baskoniaren aurkako partidara lau garaipen lortuta iritsiko da. Gabriele Procida, Nils Machowski edota Rikus Schulte bezalako jokalarien fitxaketekin, lehiaketako talderik gazteena bihurtu da. Euroleaguen eskarmentu handia duten jokalariak ere baditu, besteak beste, Maodo LO, Johannes Thiermann, Yovel Zoosman eta Jonas Mattisseck. Marcus Eriksson baja izango da.
8, 3 puntu, 5, 5 errebote, 5,5 asistentzia eta 17,7ko balorazioarekin, Luke Sikma da talde alemaniarreko jokalaririk nabarmenena. Sailkapeneko zuloan badaude ere, errebote gehien hartzen eta asistentzia gehien banatzen dituen bigarren taldea da.
Erreskadako hamabigarren garaipena lortzen ahaleginduko dira Joan Peñarroyaren gizonak. Alemaniako partida amaituta, Endesa Ligako beste erronka bati egin beharko diote aurre astea amaitzeko. Igande honetan (18:30), Glow giroan atondutako neurketan, Valentzia iritsiko da Buesa Arenara.