Talde arabarrak 71 eta 83-ko markagailuarekin irabazi dio Betisi Endesa Ligako garaipen berri bat lortuz.
Astea modurik hoberenean itxi du Cazoo Baskoniak Betisen kantxan irabazi eta gero. Joan Peñarroyaren gizonek sentsazio onak berreskuratu dituzte txapelketako 18. garaipena erdiesteko. Endesa Ligan erreskadan lortzen duten bosgarren garaipena izan da gaurkoa. Talde joko oneko partidan, bost jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 8 puntu, 5 errebote eta 15-eko balorazioarekin, Rokas Giedraitis izan da arabarren jokalaririk nabarmenena.
Joan Peñarroyaren gizonak indartsu sartu dira neurketara, lehen minutuetan 4 eta 8-ko partziala ezarriz. Etxekoek berehala erantzun dute eta 10 eta 0-ko partzialarekin, markagailuan aurretik jarri dira. Hortik aurrera parekotasuna gailendu da eta lehen laurdena amaitzeko bi minuturen faltan norgehiagoka berdinduta zegoen (21-21). Azken minutu hobeak jokatuz, Betisek hiru puntuko aldearekin amaitu du lehen laurdena. Aurrerapausoa emanez, talde arabarrak markagailua irauli du eta 2 eta 14-ko partzialarekin, bederatzi puntuko aldea lortu du. Erasoko jokoan asmatuz, gasteiztarrak abantailarekin iritsi dira atsedenaldira.
Cazoo Baskoniaren intentsitatea mantendu egin da aldageletatik bueltan. Erasoan hainbat huts eginez, Betis bost puntura hurbildu da hirugarren laurdenaren amaieran (58-63). Talde arabarraren presioak etxekoen saskiraketak galarazi eta aldea 17 puntura eraman du norgehiagoka amaitzeko lau minuturen faltan (60-77). Azkenean, 71 eta 83-ko markagailuarekin gailendu dira Joan Peñarroyaren gizonak.
Endesa Ligako 18. garaipena lortuz eta sailkapenaren goi aldean mantenduz, astea modurik hoberenean itxi du Cazoo Baskoniak.