Cazoo Baskonia Istanbulera joango da Anadolu Efesen eta Fenerbahçeren aurkako Europako hurrengo bi partidei aurre egiteko, Buesa Arenan Fuenlabradaren aurka neurtu aurretik
Hiru partidako astea Cazoo Baskoniarentzat. Kanaria Handian lortutako azken garaipenaren ostean, Joan Peñarroyaren gizonek Turkiara bidaiatuko dute Euroligako hurrengo bi norgehiagokak jokatzeko. Asteazkenean (18:30), arabarrek Ergin Atamanek zuzentzen duen Anadolu Efesen aurka neurtuko dituzte indarrak. Aldiz, ostiralean (18:45) Fenerbaçeren kantxan lehiatuko dira. Baskoniak Buesa Arenan itxiko du astea, Caprlus Fuenlabradaren bisita jasoz (Igandea, 20:00).
Baskoniarrek aste gogorra hasiko dute Anadolu Efesen aurkako partidarekin. Atamanek zuzentzen duen taldeak Achille Polonara, Shane Larkin eta Rodrigue Beaubois baskoniar ohiak ditu bere taldekideen artean, eta, arabarrek bezala, zazpi garaipen eta bost porroteko balantzearekin iritsiko da. Lehia garrantzitsua izango dute gasteiztarrek Euroligako sailkapenean turkiarrak aurreratzeko.
Ostiralean Fenerbahçeren txanda izango da. Norgehiagoka 18:45etan abiatuko da Ulker Sports and Event Hall-en. Istanbulgo taldea denboraldi bikaina egiten ari da, 10 garaipen eta bi porrotekin.
Bederatzi egunen ostean, Igandean, Cazoo Baskonia etxera itzuliko da Caprlus Fuenlabradaren aurka Endesa Ligako jardunaldi berri bat jokatzeko. Talde madrildarrean, Pavel Savkov, harrobiko jokalaria ageri da.
Aste garrantzitsua izango da Joan Peñarroyaren gizonentzat, azken asteetan erakutsitako dinamika positiboarekin jarraitu eta bi txapelketetako goiko aldean mantendu nahi dutelako.