Partida parekatu batean, Valentzia mendean hartu dute Joan Peñarroyaren gizonek
Azken segundoetaraino erabaki ez den neurketan, Endesa Ligako erreskadako zazpigarren garaipena eskuratu du Cazoo Baskoniak. Gauzak zail jarri dituzte Alex Mumbruren gizonek baina Markus Howarden hiruko batek etxekoen garaipena bermatu du (85-79). Arabarren bost jokalarik gainditu dituzte 10 puntuko balorazioa. 8 puntu, 6 asistentzia eta 18ko balorazioarekin, Pierriá Henry joko antolatzaile estatubatuarra izan da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Partida parekotasun handiarekin hasi bada ere, etxekoek lehen abantaila txikia lortu dute bost minuturen ondoren (10-7). Erasoan egindako hainbat huts aprobetxatuz, lehen laurdenaren amaieran partida berdintzea lortu du Valentziak (15-15). 0 eta 5eko partzialarekin, aurretik jarri dira kanpokoak bigarren laurdenaren hasieran. Daulton Hommesek erreskadan saskiraturiko zortzi punturekin aurretik jarri dira arabarrak (28-27). Markagailua iraultzen ahalegindu badira ere, atzetik iritsi dira atsedenaldira Alex Mumbruren gizonak (40-38).
Aldageletatik bueltan parekotasunak jarraitu du eta laurdena amaitzeko hiru minuturen faltan markagailua berdindurik zegoen (51-51). Azken segundoan erdietsitako hiruko batek, hiru puntuko aldea eman dio Valentziari neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan (58-61). Erasoan egindako lan bikainari esker, markagailua iraultzea lortu du Baskoniak (67-65). Markus Howarden gidaritzapean, etxekoek lau puntuko errenta lortu dute bi minuturen faltan. Aldea mantenduz, Endesa Ligako hamabigarren garaipena erdietsi du Cazoo Baskoniak (85-79).
Hiru partidako astea izango dute aurretik Joan Peñarroyaren gizonek. Asteartean (20:30) Munichera bidaiatuko dute Bayernen aurka jokatzeko. Bertatik, Serbiara bidaiatuko dute, hiru egun geroago (Ostirala, 20:30) Partizanen kantxan lehiatzeko. Astea etxean itxiko du Baskoniak, Joventuten bisita jasoz Endesa Ligako jardunaldi berri batean (Igandea, 17:00).