Hurrengo apirilak 13an 160 gazte batuko dituen bi asteko kanpusa jarriko da martxan Tibilisin.
5+11 Fundazioaren bitartez, Baskoniak eta Georgiako Saskibaloi Federazioak sinatutako kolaborazio akordioa 14 eta 17 urte arteko 160 gazte georgiar batuko dituen kanpusaren apirilak 13ko inaugurazioarekin jarriko da martxan.
Borja Comengek zuzenduko du kanpusa. Teknikariak lau entrenatzaile nazionalek (Iñaki Meriño, Ieltxu Aguinako, Carlos Cazorla eta Josep Riera), lau entrenatzaile georgiarrek eta bi fisioterapeutek osatutako taldea lideratuko du. Bi astez eta Baskonia metodoa erabiliz, lan taldeak talentu georgiarra detektatzea izango du helburu. “Lehen astean adin talde bakoitzeko 40 jokalari onenak izango ditugu gure artean. Gauzak horrela, gaitasun, kondizio fisiko eta jarrera faktoreen bitartez talentua identifikatzen saiatuko gara” adierazi du Jesus Vazquezek, Saski Baskoniako Zuzendari Nagusiak.
Bigarren astean froga fisikoak eta abiadura zein jauzi testak burutuko dira -ondoren kirolari profesionalen datuekin alderatzeko aukera izanik-. “Gazteen heldutasun psikologikoa eta goi mailako errendimendura adaptatzeko gaitasuna aztertuko dugu Amaia Orozen bitartez (Deportivo Alavesen psikologoa)”. Bi astetako lana behin bukatuta, kanpuseko 16 jokalari onenak identifikatuko dira eta udan Baskoniaren Nazioarteko EDP Kanpusean parte hartzeko aukera eskainiko zaie. Bertan lan espezifikoa gauzatuko dute “behin nazioarteko kanpusa bukatuta, jokalariek Baskoniaren estrukturan bekadun bezala parte hartzeko maila duten aztertuko da”, zehaztu du Vazquezek.
Lehen ekimen honetan lau entrenatzaile georgiar formatuko dira “irailetik abendura etorriko dira eta gure oinarri estrukturala landuko dute. Gauzak horrela, estruktura profesionala ikuskatzeko eta lehen eskuz lantzeko aukera izango dute” gehitu du.
Entitateen arteko bost urteko akordioa pasaden urrian sinatu zen. Kanpus honekin hasiko da kolaborazioa eta kirolarien hautaketa eta teknifikazioa izango du helburu. Gauzak horrela, selekzio georgiarrek aurrera pausu bat emateko aukera izango dute. Saski Baskoniak eta Federazio Georgiarrak plan estrategiko bat landuko dute. Bertan hainbat hainbat aspektu eta faktore aztertuko dira: kirol instalazioak, organizazioa, txapelketa sistema, entrenatzaileen eta zuzendarien formakuntza, liga profesionala, etab.
Akordio honen bitartez Saski Baskoniak jokalari eta merkatu berriak ezagutzea eta herrialde berrietako etorkizuneko talentura hurbiltzea du helburu. Bestetik, Federazio Georgiarrak ikastea, formatzea eta bere taldeen lehiakortasun maila igotzea du xede.