Pasaden asteazkenean, zentroko askatasunik gabeko pertsonen taldeen aurka bi partida jokatu zituen talde arabarrak bultzatutako proiektuak.
Inklusioaren eta gizarte bidezkoago bat sortzeko helburuaren alde borrokatzen jarraitzen du Mixed Ability Proiektuak. Saskibaloiaren bidez, ezintasunen bat duten eta ez duten pertsonen arteko elkarbizitzarako gune bat sortzea da duela urtebete baino gehiago sortu zen ekimen honen helburua. Geroztik, emakume zein gizonezko taldeek lagunarteko hainbat partida jokatzeko aukera izan dituzte eta horiei esker, talde jokoa hobetzen eta osatzen jarraitu ahal izan dute. Emakumezkoen taldeak eskualdeko Toju eta Urgatziren aurka neurtu ditu indarrak eta gizonezkoenak Buesa Arenan jokatzeko aukera izan zuen Larrainen aurka.
Arabako espetxea bisitatuz, proiektuak aurrerapausoa eman zuen asteazken honetan. Bertan, bi neurketa jokatu zituzten espetxeko taldeen aurka eta guztiek hartu zuten gozatua. Jokatzeko, esperientziak trukatzeko eta partidaren ondoren denbora partekatzeko uneak egon ziren. Aurreko hilabeteetan entrenatutakoa praktikan jartzeko aukera paregabea izan zen.
Baskoniak bultzatutako Mixed Ability proiektuak gora egiten jarraitzen du. Urte hasieran, Bihotzeko Endesa Liga programako finalera iritsi zela baieztatu zen.