Joan Peñarroyaren gizonek Derthona Basketi irabazi diote eta aurre-denboraldia 3tik 3 garaipenekin amaitu dute.
Joan Peñarroyaren gizonek hasiera trabatua izan dute Buesa Arenan jokatutako norgehiagokan. Derthonak lehen puntuak sartzeko aprobetxatu du. Baskonia suspertu egin da eta 14 eta 2-ko partzial batekin, markagailuan aurretik jartzea lortu du. Talde italiarra ez da atzean gelditu eta lehen laurdena puntu bakar batera amaitu du (26-25). Gasteiztarrek partidaren agintea berreskuratu eta defentsa on baten bidez, aurkariaren saskiraketak galarazi dituzte bigarren laurdeneko lehen lau minutuetan. Marco Ramondinonen gizonek aurrerapausoa eman dute erasoan eta atsedenaldira 44 eta 40-ko markagailuarekin iritsi dira.
Aldageletatik bueltan parekotasunak jarraipena izan du. Bi taldeek ez dute diferentzia handitzea lortu eta dena azken laurdenerako gelditu da (67-62). Gidoi berbera errepikatu da azken hamar minutuetan. Derthonak hiru puntuko abantaila lortu du 16 segundoren faltan. Talde gasteiztarrak baina, dena eman du hutsartetik bueltan eta Araba Sariarekin egin da (86-85).
Beste behin, Araba Sariarekin amaitu du aurre-denboraldia Baskoniak. Joan Peñarroyaren gizonek 3tik 3 garaipenekin itxi dute aurre-denboraldia, berriz ere Buesa Arenako zaleekin elkartu diren egunean.