Euroleagueko azken txanpako lehen hitzordua izango du Cazoo Baskoniak astearte honetan (20:30).
Turkish Airlines Euroleagueko fase erregularra amaitzeko lau neurketa gelditzen dira eta horietatik hiru jokatuko ditu Buesa Arenan talde arabarrak. Hiru norgehiagoka erabakigarri Europako txapelketako zortzi talderik onenen artean amaitzeko. Zurbanoko pabiloia bisitatuko duen lehen taldea Alba Berlin izango da (Asteartea, 20:30). Hitzordu garrantzitsua Top 8-aren borrokan mantentzeko.
8º Cazoo Baskonia (15 garaipen eta 15 porrot): Talde arabarrak 30 jardunaldi daramatza zortzi onenen artean sailkatuta. Buesa Arenan jokaturiko 14 partidetatik 11 irabazita iritsiko dira azken txanpa honetara Joan Peñarroyaren gizonak. 12 puntu, 6,5 asistentzia eta 15,8-ko balorazioarekin, Darius Thompson joko antolatzailea da gasteiztarren jokalaririk nabarmenena.
17º Alba Berlin (9 garaipen eta 21 porrot): Bederatzi partida irabazita, sailkapeneko 17. postuan kokaturik ageri da Israel Gonzalezek zuzentzen duen taldea. Municheko Bayernen eta Anadolu Efesen aurkako azken bi partidak irabaztetik iritsiko dira norgehiagokara. 11 aldiz neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta horietatik 6 irabazi ditu Cazoo Baskoniak. 7,5 puntu, 5 asistentzia eta 12,6-ko balorazioarekin, Luke Sikma estatubatuarra da taldeko jokalaririk nabarmenena.
Fase erregularreko azken txanpan sartuta, Cazoo Baskoniak garrantzi handiko partida jokatuko du. Zortzi onenen artean mantentzeko garaipena nahi dute Joan Peñarroyaren gizonek.