Nahiz eta uda izan, Adam Hangak eta Ibon Navarrok ez dute atsedenik. Jokalari eta teknikari baskonistak Hungarian dira, Adamen sorterrian. Bertan 16 eta 18 urte arteko gazteentzako hobekuntza Kanpus baten parte hartzen dute.
17 gaztek osatzen duten talde baten ari dira lanean. Hangak dionez “jokalari profesional izatea dute helburu. Hori da haien ametsa eta ikasteko gogo handiz dabiltza”.
Nahiz eta Kanpusaren lehen edizioa izan, “hazten jarraitu nahi dugu. Ebentu hau urte gehiagoz ospatzea da gure helburua” adierazi du jokalari baskonistak. Gainera, hurrengo urteetan Kanpusa luzeagoa egin nahiko lukete: “azken finean, hain egun gutxitan oso zaila da hainbeste informazio barneratzea”.
Goizeko 08:30tan hasten da Kanpusa eta 09:00tan entrenamenduak. Entrenamenduetan erasoa eta defentsa lantzen dira. Horretarako, “Ibon Navarroz gain, hainbat entrenatzaile greziar eta suitzar ditugu” adierazi du Hangak. Jokalariek talde lanaz aparte, aspektu indibiduala lantzen dute ere. Behin goizeko entrenamenduak bukatuta eta ondoren arratsaldeko entrenamenduak datozela kontuan izanda, indarrak berreskuratzeko unea heltzen da. “9 teknikarietatik 5 hungariarrak dira eta beste laurak atzerritarrak. Beraz, jokalariek jasotzen duten tratua oso zorrotza eta pertsonalizatua da” azaldu digu jokalari baskonistak.
Hangak dionez “etorkizun handia dago Hungarian. Talentu handiko jokalariak daude eta gainera, goi mailan jokatzeko aukera dute. Beste batzuk aldiz, funtsezko arauak dakizkite soilik”.
Esperientzia oso polita izaten ari da. Gazteek interes handia dute Adam Hangaren eta Laboral Kutxaren inguruan, hala ere “nahiko lotsatiak dira”. Jokalari hungariarrak dionez “kuriositate handia dute eta ni beti nago haien galderei erantzuteko irrikan. Dena dela, ez naiz haien irakaslea. Oraindik asko dut hobetzeko eta gainera, entrenatzaileak dituzte irakasle lanetan”.
Jokalariak Ibon Navarroren lana asko baloratzen du ere. “Oso gogor ari da lanean. Klinikak, bideo sesioak… egiten ditu. Luxu bat da Kanpusean laguntzera etorri izana”, azaldu digu.
Hungariara joateko eskaera egin ziotenean Navarrok ez zuen zalantzarik izan. “Kanpusa Hungariar Federazioak antolatzen du eta Adamek etortzeko eskatu zidan. Ez da denbora asko eta oso ondo antolatuta dago: hotela pabiloitik gertu dago, instalakuntzak onak dira, etab. Bero handia egiten du, baina ez dago besterik” azaldu du entrenatzaile gasteiztarrak.
Navarrok horrela deskribatu du taldea: “maila fisikoa ona da. Talentuari dagokionez, denetik dago. Adin desberdinekoak direla asko igartzen da”.
Entrenatzaileak desberdintasun handiak ikusten ditu hungariar eta euskal saskibaloiaren artean. “Jokoaren ezagutzan eta talentuan oso aurreratuta gaude, baina fisikoki Hungarian hobeak dira. Oso mutiko altuak eta fisikoki indartsuak. Gainera, beti daude gomendioak entzuteko prest. Ikasteko irrikan daude. Hala ere, arazo handia dute hizkuntzarekin” aitortu digu Navarrok.
Ibon beste entrenatzaile batzuekin ari da lanean, “jokalariak ez daude ingelesez hitz egitera ohituta. Asko kostatzen zaie, baina dena dela badugu itzultzaile lanetan aritzen diren hainbat entrenatzaile” adierazi du.
Entrenatzaileak bere lana azaldu digu ere. “Atzo taktika eta pic&roll-ean aplikatutako teknika indibidualari buruzko Klinik bat eskaini nuen. Ondoren, ordu eta erdiko entrenamendu baten ikasitako kontzeptuak aplikatzen saiatu ginen. Honetaz gain, talde gazteen beharretara moldatuta, kontraeraso teknikak landu ditugu. Azken finean, halako taldeetan beti dago igo ezinean dabilen pibot gazte bat, pilota behar bezala igotzeko gai ez diren jokalariak…”.