Ekitaldi ikusgarri batean, Real Madrilen bisita jasoz amaituko dute urtea Joan Peñarroyaren gizonek
Urtea modurik onenean itxi nahi du Cazoo Baskoniak. Euroleagueko hamaikagarren garaipena eskuratzeko helburuarekin, Real Madrilen bisita jasoko du talde arabarrak ostegun honetan (19:00). Denboraldian bigarrenez sarrera guztiak salduta, musikaz, argiz eta ikuskizunez beteko da Buesa Arena. Denboraldian bigarrenez ere itzuliko dira Chus Mateok zuzentzen dituen gizonak Gasteizera. Bien arteko lehen lehian, Endesa Ligan, 88-82ko markagailuarekin atera zen garaile talde arabarra.
3º Cazoo Baskonia (10 garaipen eta 5 porrot): Erreskadan hamar garaipen erdietsita, momentu onean iritsiko dira partidara Joan Peñarroyaren gizonak. Arabarrak sailkapeneko goiko postuetan daude kokaturik Real Madril, Fenerbahce, FC Bartzelona eta Monakorekin berdinduta. Markus Howard zalantza izango da partidari begira.
2º Real Madrid (10 garaipen eta 5 porrot): Bien arteko denboraldiko lehen lehian galtzaile atera ostean itzuliko da Zurbanoko pabiloira talde madrildarra. ASVEL eta Bilbao Basketen aurkako partidak irabazi ostean, Endesa Ligako eta Euroleagueko lidergoan kokatu da. Hainbat astez lesionaturik egon ondoren, Rudy Fernandez partida jokatzeko prest egongo da. Carlos Alocén, Ádám Hanga eta Anthony Randolph baja izango dira.
Euroleaguen, hamalau alditan neurtu dituzte indarrak bi taldeek eta garaipenen balantzea zazpikoa da bientzako. Egun ahaztezin batean, urtea modu ezin hobean amaitu nahi dute Joan Peñarroyaren gizonek.