Urdin-gorriek talde alemaniarraren aurka neurtuko dute indarrak Euroleaguen garaipen berri bat lortzeko helburuarekin.
Ostegun honetan, 20:30etatik aurrera, Baskoniak etxeko bolada ona mantendu nahi du ALBA Berlinen aurka. Pablo Lasoren gizonek etxean jokaturiko Europako bi neurketak irabazi dituzte eta bihar beste bat lortzeko borrokatuko dute. Israel Gonzalezenek pasaden denboraldian jokatu zuten azkenekoz Buesa Arenan eta 88 eta 71-eko markagailuarekin urdin-gorriak atera ziren garaile.
12. Baskonia (2 garaipen eta 2 porrot): Joan den igandean etxeko txapelketan Bartzelonari irabazi ondoren, urdin-gorriak Zurbanoko tenplura itzuliko dira EuroLeagueko jardunaldi berri bati aurre egiteko. Lehia honetan, denboraldiko hirugarren garaipena lortzeko eta sailkapenean gora egiteko borrokatuko dute. Chima Moneke txapelketa osoko seigarren jokalaririk baloratuena da 16 puntu eta 21,8-ko balorazioa erdietsita. Zaleen babesean, Baskoniak garaipen berri bat lortzea izango du helburu.
16. ALBA Berlin (Garaipen 1 eta 3 porrot): Alemaniarrak, etxetik kanpoko lehen garaipenaren bila iritsiko dira Gasteizera. Lehen lau jardunaldietan garaipen bakarra lortu dute (Asvelen aurka). Hutsuneei dagokienez, Malte Delowk, Matt Thomasek eta Ziga Samarrek ez dute jokatu denboraldi hasieratik, baina azken hau dagoeneko entrenatzen ari da taldearekin. Bestalde, Elias Rapiequek ez ditu EuroLeagueko azken bi jardunaldiak jokatu. Israel Gonzalezek Martin Hermannsson (15.2 BAL), bere jokalaririk nabarmenena, eta Khalifa Koumadje, barneko jokoko funtsezko pieza, bere aginduetara izango ditu.
Bi taldeen arteko Europako 15. norgehiagoka izango da, non garaipenen balantzea Baskoniaren alde dagoen bederatzirekin. Ostegun honetan, 20:30etatik aurrera, Buesa Arenak bere ateak irekiko ditu Eurolegueko 5. jardunaldia hartzeko.