Pablo Lasoren gizonek Euroleagueko bigarren garaipena batu dute Buesa Arenan talde zuriaren aurka.
Garaipen garrantzitsua Buesa Arenan Real Madrilen aurka. Lehia parekatu batean, Pablo Lasoren gizonek izaera erakutsi dute zaleen aurrean garaipen berri bat erdiesteko. Talde lan on batean, lau jokalarik gainditu dute hamar puntuko balorazioa. 14 puntu eta 21-eko balorazioarekin, Chima Moneke izan da jokalaririk nabarmenena.
Erritmoa eta intentsitatea neurketa hasieran. Pablo Lasoren mutilek agintea hartu dute lehen abantailak lortzeko. Talde zuria ez da atzean gelditu eta markagailua berdintzea lortu du lehen laurdenaren erdialdean. Lehiak pareko jarraitu du, lehen hamar minutuak 16 eta 18 amaituz. Bi taldeen erasoko intentsitatea ez da gelditu, erritmo handia mantenduz Buesa Arenan. Baskonia puntu bateko errentarekin iritsi da atsedenaldira (36-35).
Aldageletatik bueltan, urdin-gorriak aldea handitzeko intentzioarekin kantxaratu dira. Atzean sendo egonda, korrika egiteko aukera izan dute. Chus Mateorenak aurrerapausoa eman dute, markagailua irauliz hirugarren laurdena amaitzeko bi minuturen faltan. Azken laurdenera begira dena erabakitzeko gelditu da (48-52). Gidoi berdina hurrengo minutuetan. Neurketa berdintsu mantendu da, baina urdin-gorriek izaera erakutsi dute garaipena lortzeko (76-72).
Pablo Lasoren gizonek bere hurrengo neurketei begiratzen diete. Urdin-gorriek Lyonera bidaiatuko dute europako lehia berri bati aurre egiteko (ostirala, 20:30). Igandean, Bartzelonari egingo diote bisita Endesa Ligako jardunaldi berri batean.