Hegaleko estatubatuarrak klubarekiko konpromisoa berritu du eta zale guztiak zutik jartzen jarraituko du datozen lau denboraldietan.
Baskoniak eta Markus Howardek (1999) elkarrekin jarraituko dute 2028. urtera arte. Pasaden urrian kontratua luzatu zuen New Jerseyko jokalaria akordio batera iritsi da Zurbanoko klubarekin datozen lau denboraldietan talde urdin-gorria defendatzen jarraitzeko. Howard Euroleagueko zein Endesa Ligako saskiratzaile nagusi bezala amaitu du 23-24 denboraldia.
2022ko udan Gasteizera iritsi zenetik, erakunde arabarrarekin eta zaleekin bikain egokitu den jokalaria da, baskonismo guztiari saskibaloi ikusgarriko gau handiez gozaraziz.
Beste behin ere, Howardek denboraldi bikaina egin du, bi txapelketetako saskiratzaile eta hiruko egilerik nagusiena izanik. Gainera, duela astebete eskas, “Euroleague Alphonso Ford TOP SCORER” saria irabazi zuen. Merezitako errekonozimendua denboraldi historiko bati, non 148 hirukorekin, europako denboraldi bateko marka berri bat ezarri duen.
Markus Howardek Baskoniaren koloreak defendatzen jarraituko ditu datozen urteetan, bere saskibaloi ikusgarriarekin zale guztiak gozaraziz.