Lehen neurketan erori ondoren, Dusko Ivanovicen gizonek PlayOff-eko kanporaketa berdindu nahi dute.
Baskoniak, ostegun honetan (21:00), Wizink Centerren jokatuko den Turkish Airlines EuroLeagueko PlayOff-eko bigarren neurketan du begirada jarrita. Lehen norgehiagokan erori ondoren, Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak lehen lehia atzean utzi, eta Real Madrili nola irabazi pentsatzen ari da.
Talde zuria nagusi izan zen lehen norgehiagokan. Montenegroko entrenatzaileak hurrengo neurketan pazientzia izatea eta lehen minututik izaera oldarkorragoa erakustea nahi du. Baskoniak dinamika aldatzea eta joko ezberdin bat proposatzea bilatuko du madrildarren erasoaldia gelditzeko, beste batzuetan egiten dakiela erakutsi duen bezala.
Gasteiztarrek, datorren astean Buesa Arenan bi norgehiagoka ziurtatuko lukeen lehen garaipena lortzeko dituzten aukeretan sinesten dute. Berlingo Lauko Finalerako txartela lortzeko hiru garaipen erdietsi behar dira eta bihar, Baskoniak 1-1ekoa ezarri nahi du kanporaketan.