Baskoniak europako txapelketako final-laurdenak jokatzeko txartela lortu du.
Baskonia izango da Lauko Finalean postu bat lortzeko lehian arituko den zortzi taldeetako bat, Play In-eko bigarren neurketan Virtus Segafredori irabazi ondoren. Buesan lortutako garaipenari esker, gasteiztarrek Berlingo final handiaren aurreko final-laurdenetako kanporaketarako txartela lortu dute. Baskonia bost urte geroago itzuliko da europako txapelketarako playoff-etara, azkenekoz 2018-19 denboraldian, CSKA-ren aurka.
2000/01 denboraldian Euroleague sortu zenetik elitean kokatuta, 600 neurketa baino gehiago jokatuta eta lehiaketaren historia osoko bigarren saskiratzaile nagusia izanik, Baskoniak hamahiru aldiz jokatu du PlayOff-eko kanporaketa, bere historian zehar bost Lauko Finaletara sailkatuz.
Real Madril izango da Baskoniaren aurkaria Berlingo Lauko Finalera sartzeko lehian. Lehenengo bi norgehiagokak WiZink Centerren jokatuko dira. Apirilaren 23an, asteartea (21:00), PlayOff-etako lehen neurketa jokatuko da eta ostegunean, hilak 25 (21:00), bigarrena. Buesa Arenan jokatuko da Baskoniaren eta Real Madrilen arteko hirugarren lehia, maiatzaren 1ean (20:30). Azken bi partidak jokatu behar izanez gero, Baskoniak laugarrena etxean jokatuko luke eta bosgarren eta azkena, Madrilen.
Gasteiztarrek merezimenduz eta izaeraz lortu dute sailkapen hau, fase erregularreko azken-aurreko jardunaldian Real Madrilen aurka Play In formatu berritzailerako txartela eskuratuta eta ondoren, marea urdin-gorri batez babestuta, Virtus Segafredo mendean hartuta. Dusko Ivanovicen gizonek helburu berri bat dute orain: Real Madril egungo txapeldunaren aurka irabaztea eta Berlingo Lauko Finalerako txartela lortzea.