Dusko Ivanovicen gizonek garaipena lortu dute Olympiacosen aurka koliseo urdin-gorrian.
Baskoniako tenpluko partida historiko bati amaiera emateko modu bikaina. Baskoniak Greziako taldea mendean hartu du Buesak Europako 300. partida betetzen zuen gauean, Euroleagueko 11. garaipena lortzeko. Emozio handiko lehia izan da gure entrenatzailearentzat, gasteiztarren aulkian 750 neurketa bete baitzituen. 13 puntu, 7 errebote eta 26-ko balorazioarekin, Chima Moneke izan da partidako jokalaririk nabarmenena.
10 eta 6-ko partzial batekin, Baskoniak aurretik hasi du norgehiagoka, Georgios Bartzokasen hutsartea eraginez. Greziarrek hutsuneak lortu dituzte urdin-gorrien defentsan eta 0 eta 5-eko partzialarekin lehen laurdena 14 eta 17 amaitu dute. Olympiacosek, eraso on batzuei esker, aurretik mantentzea lortu du (19-21). Baskonia baina, suspertu egin da eta 12 eta 3-ko partzial batekin, markagailuan aurretik jartzea lortu du (31-24). Azkenean, atsedenaldira 33 eta 32-ko markagailuarekin iritsi da.
Baskoniak ondo kudeatu du abantaila aldageletatik bueltan eta lau puntu gora jarri da lehen minutuetan (40-36). Dusko Ivanovicen gizonek baloi guztiak borrokatu dituzte azken laurdenera hamar puntuko aldearekin iristeko (59-49). Azken laurdeneko irteera on batek alde hori handitzeko aukera eman die (70-53). Urdin-gorriak indartsu mantendu dira eta garaipena lortu dute (80-69).