Dusko Ivanovicen gizonek ezin izan dute garaipena lortu Palaun asteko bigarren norgehiagokan.
Talde gasteiztarrak azken laurdenean galdu du Bartzelonaren aurka amaierara arte erabaki ez den neurketa batean (89-85). Borrokatu arren, etxeko taldeak erabaki hobeagoak hartu ditu azken minutuetan eta garaipenarekin egin da. 14 puntu, 6 asistentzia eta 20-ko balorazioarekin, Tadas Sedekerskis izan da baskoniako jokalaririk nabarmenena.
Matt Costelloren hiruko batek estreinatu du Palau Blaugranako markagailua. Etxekoek erantzun eta norgehiagokako lehen abantailak hartu dituzte. Dusko Ivanovicen hutsarte baten ondoren, arabarrak aurretik jartzea lortu dute hiru minuturen faltan. Parekotasunak bere horretan jarraitu du lehen laurdenaren amaieran (24-23). 7 eta 0-eko partzial batekin, etxekoen diferentzia handitzea lortu dute. Gasteiztarrak erasoko intentsitatea mantentzen ahalegindu dira, baina Bartzelonaren defentsak eutsi egin dio eta atsedenaldira 47 eta 42-ko markagailuarekin iritsi da.
Bueltan, Baskoniak aurrerapausoa eman du erasoko jokoan, neurketa berdinduz. Erasoko joko ona erakutsiz, baskoniak bere aldea handitzea lortu du. Talde euskalduna sei puntuko aldearekin iritsi da azken laurdenera (62-68). Dusko Ivanovicen gizonek erasoko intentsitatearekin jarraitu dute, baina berehala iritsi da etxekoen susperraldia, neurketa berdinduz azken laurdenaren erdialdean. Bartzelonak erabaki hobeagoak hartu ditu azken minutuetan eta garaipena bereganatzea lortu du (89-85).
Baskoniak asteko azken neurketari begiratzen dio (igandea, 18:30). Dusko Ivanovicen gizonak etxera itzuliko dira, Real Madrilen aurka, Endesa Ligako lehen itzuliko azken lehia jokatzeko. Norgehiagoka oso garrantzitsua baskoniarentzat, otsailean Malagan jokatuko den Errege Koparako txartela jokoan duelarik.