Dusko Ivanovicen gizonek garaipen handia lortu dute talde turkiarraren aurka.
Baskoniak izaera erakutsi du neurketa parekatu batean eta Euroleagueko zazpigarren garaipenarekin egin da. Hasiera txar baten ondoren, Dusko Ivanovicen gizonek norgehiagokaren agintea hartu dute garaipen baliotsu bat lortzeko. 15 puntu, 10 errebote eta 24-ko balorazioarekin, Maik Kotsar izan da gehien nabarmendu den jokalari urdin-gorria.
Hasiera parekatua Zurbanoko pabiloian. Bi taldeek neurketaren agintea hartzen ahalegindu dira, baina parekotasunak bere horretan jarraitu du. Itoudisen gizonek aurrerapausoa eman dute erasoko jokoan norgehiagokako lehen abantailak lortzeko (10-18). 11 eta 0-eko partzial batek aurretik jarri du talde urdin-gorria atsedenaldira iritsi baino lehen (38-37).
Aldageletatik bueltan, etxekoen jokoa sendo mantendu da. Defentsa onak eginez, korrika egiteko aukera izan dute, markagailuko aldea handituz. Baskoniak erasoan erakutsitako intentsitateak bi puntuko aldea edukitzera eraman du azken laurdenaren faltan (57-55). Talde arabarra partida irabazteko prest agertu da, baina turkiarrak ez dira atzean gelditu. Vanja Marinkovicen hiruko batek sei puntuko aldea eman die urdin-gorri neurketa amaitzeko bost minuturen faltan. Itoudisenak aurretik jarri dira baina azken segundoetan Markus Howardek erdietsitako hiruko batek garaipena eman dio Baskoniari (80-79).
Talde gasteiztarrak asteko bere hurrengo bi erronkei begiratzen dio. Europako beste norgehiagoka batean, Baskoniak Izar Gorriaren bisita jasoko du ostiral honetan (20:30). Igandean (17:00), Dusko Ivanovicen gizonek Endesa Ligako jardunaldi berri bati egin beharko diete aurre Lenovo Teneriferen aurka.