Dusko Ivanovicen gizonek izaera erakutsi dute Olympiacos mendean hartzeko.
Bakearen eta Adiskidetasunaren Pabiloian garaipen handia lortu du Baskoniak. Bigarren laurden ikusgarri batekin, talde gasteiztarrak partidaren agintea hartu du Turkish Airlines Euroleagueko hirugarren garaipena lortzeko. 20 puntu, 4 errebote eta 28-ko balorazioarekin, Chima Monekek gidatu du talde arabarra. 12 puntu, 13 errebote eta 27-ko balorazioarekin, Tadas Sedekerskis kapitainak ondo lagundu dio.
Hasiera trabatua Bakearen eta Adiskidetasunaren Pabiloian. Olympiacosek neurketako lehen abantailak lortu ditu, montenegroko entrenatzailearen hutsartea eraginez. Baskoniak aurrerapausoa eman du erasoko jokoan, aldea murriztuz eta lehen laurdena 26 eta 20-ko markagailuarekin amaituz. Vanja Marinkovicen bi hirukok berdinketa ezarri dute. Talde gasteiztarrak, erasoko joko ona erakutsiz, markagailuan aurretik jartzea lortu du. Hirukoetan asko asmatuta, Baskonia 15 puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira (35-50).
Aldageletatik bueltan, talde gasteiztarrak lehen zatiko erritmoa mantendu du. Olympiacos ez da errenditu eta aldea murrizten ahalegindu da, baina Dusko Ivanovicen gizonek ez dute barkatu eta azken laurdenera zazpi puntuko aldearekin iritsi dira (60-67). Georgios Bartzokasen taldeak gauzak zaildu dizkie gasteiztarrei eta azken laurdenaren hasieran egindako bi eraso onekin, puntu bakar batera jartzea lortu du. Gasteiztarrek bere horretan jarraitu dute saskiraketak galaraziz. Etxekoen erreakzio on batek markagailuan aurretik jartzea ekarri die bi minuturen faltan. Codi Miller-McIntyreren azken saskiraketa batek aurretik jarri du talde urdin-gorria 0.7 segundoren faltan. Baskoniak izaera erakutsi du Pireon garaipen handi bat lortzeko (74-75).
Baskoniak bere hurrengo neurketari begiratzen dio. Dusko Ivanovicen gizonak Santiagora joango dira, igandean, Endesa Ligako jardunaldi berri bati ekiteko. Neurketa 12:30etan hasiko da. Aukera berri bat urdin-gorrientzat etxeko txapelketan batzeko.