Dusko Ivanovicen gizonek garaipen eta porrot batekin amaitu dute astea.
Dusko Ivanovicen gizonak Dreamland Kanaria Handiaren aurka erori dira Zurbanoko pabiloian jokatu den Endesa Ligako zortzigarren jardunaldian (79-88). Talde arabarrak garaipen eta porrot batekin eman dio amaiera asteari. 25 puntu, 5 errebote eta 33-ko balorazioarekin, Matt Costello izan da norgehiagokako jokalaririk nabarmenena.
Hasiera trabatua Buesa Arenan. Bi taldeek ez dute erasoko erritmoa topatu eta ezin izan dute markagailua estreinatu lehen minutuetan. Gehiago asmatu duen Dreamland Kanaria Handiak lehen zortzi puntuak saskiratu ditu, entrenatzaile urdin-gorriaren hutsartea eraginez. Arabarrek ez dute bere erritmoa aurkitu eta lehen laurdena 8 eta 18-ko markagailuarekin itxi dute. Gidoi berdina bigarren laurdenean. Vanja Marinkovicen bi hirukok aldea murriztea lortu dute. Baskonia 30 eta 43-ko markagailuarekin iritsi da atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan aurrerapausoa eman dute Dusko Ivanovicen gizonek eta Matt Costelloren gidaritzapean, aldea lau puntura ekarri dute hiru minuturen faltan. Kanaria Handiak partidaren agintea berreskuratu du eta azken laurdenera 52 eta 61-ko markagailuarekin iritsi da. Baksoniak erasoko jokoa hobetu du eta kanariarren aldea murriztea lortu du. Azkenean, talde gasteiztarrak ezin izan du Dreamland Kanaria Handia gainditu (79-88).
Talde arabarrak bere hurrengo erronkei begiratzen die. Baskoniak bere hurrengo bi neurketak etxetik kanpo jokatuko ditu. Ostegunean (18:15), Olimpiakosen aurka jokatuko du europako txapelketako jardunaldi berri batean. Astea Monbus Obradoiroren kantxan amaituko du (igandea, 12:30).