Talde alemaniarra izango da Baskoniaren Euroleagueko bigarren aurkaria.
Etxetik kanpoko europako lehen neurketa Joan Peñarroyaren gizonentzat. Ostegun honetan, urriak 12 (20:00), Baskoniak ALBA Berlinen aurka neurtuko ditu indarrak, Mercedes-Benz Arenan, Euroleagueko bigarren jardunaldiari dagokion norgehiagokan. Urdin-gorriak lehen garaipena lortzen ahaleginduko dira Israel Gonzalezen gizonen aurka. Bien arteko azken lehia pasaden martxoaren 28an izan zen eta 93 eta 87-ko markagailuarekin atera zen garaile Baskonia.
Israel Gonzalezek hirugarren denboraldiz jarraian zuzenduko du berlineko taldea. Entrenatzaile espainiarrak badaki zer den talde alemaniarrarekin loria lortzea, lehen denboraldian liga eta kopa lortu baitzituen. Txapelketako talderik gazteenetako batekin lehiatzen ahaleginduko dira Israel Gonzalezenak.
Maodo Lo eta Luke Sikma jokalari garrantzitsuen irteeraren ondoren, ALBA Berlinek jokalari amerikarren aldeko apustua egin du Matt Thomasen (Panathinaikosetik etorrita), Justin Beanen (Memphis Grizzliesetik etorrita) eta Sterling Brownen (Los Angeles Lakersetik etorrita) fitxaketekin. Honez gain, berlineko taldeak bere joko-antolatzaile postua erabat berritu du Ziga Samarrekin eta Matteo Spagnolorekin. Chis Koumadje, Marcus Eriksson eta baskoniako jokalari ohi Yanni Wetzell baja izango dira.
12 puntu, 5 errebote eta 17-ko balorazioarekin, Johannes Thiemann beteranoa izan zen taldeko jokalaririk nabarmenena txapelketako lehen jardunaldian.
BBL-ko lehen bi neurketak irabaztetik eta Euroleagueko lehen norgehiagokan erortzetik iritsiko da ALBA Berlin osteguneko partidara. Baskonia eta ALBA Berlin hamahirugarrenez neurtuko dituzte indarrak europako txapelketan, 7 garaipenekin, balantza talde arabarraren alde dagoelarik. Euroleagueko lehen garaipenaren bila joango dira alemaniako hiriburura Joan Peñarroyaren gizonak.