Animatuta egon den Lizarrako pabiloian, Joan Peñarroyaren gizonek Casademont Zaragoza hartu dute mendean.
2023-24 denboraldiko prestaketarekin jarraitzen du talde urdin-gorriak. Baskoniak Casademont Zaragozari irabazi dio goraino bete den Lizarrako pabiloian. 14 puntu eta 10 erreboterekin, Chima Moneke izan da talde gasteiztarreko jokalaririk nabarmenena. Markus Howardek 18 puntu erdietsi ditu.
Hasieratik eraman dute partidaren agintea Joan Peñarroyaren gizonek Moneke energetiko baten eskutik. Casademont Zaragozak baina, neurketari eutsi dio lehen laurdena bi puntura amaituz (23-21). Nico Mannionen eta Nikos Rogkavopoulosen minutu onek 10 puntuko errenta eman diote urdin-gorriei atsedenaldirako (50-40).
Aldageletatik bueltan, Kotsarrek eta Diopek aldeak markatu dituzte barne jokoan eta horrekin aldea gora joan da. Joan Peñarroyak zuzentzen duen taldeak 22 puntuko errentarekin amaitu du hirugarren laurdena (76-54). Gasteiztarrek lanean jarraitu dute azken minutuetan aurre-denboraldiko bigarren garaipena lortuz (93-77).
Bitik bi garaipen lortu ondoren, Baskoniak ostiral honetan jokatuko du aurre-denboraldiko bere hirugarren norgehiagoka Galdakaon. 19:30etatik aurrera, Euskal Kopa bigarren urtez jarraian lortzeko borrokatuko dute gasteiztarrek.