Baskoniako joko-antolatzaile berria komunikabideen aurrean aurkeztu dute Buesa Arenan.
Komunikabideen eta bertan zeuden abonatuen aurrean aurkeztua izan da Nico Mannion Buesa Arenako prentsa aretoan. 22 urteko joko-antolatzaileak bi urteko kontratua sinatu du eta talde gasteiztarrean egingo duen etapa berrian bat zenbakia eramango du.
Felix Fernandez kirol zuzendariak, jokalari italiarraren fitxaketarekin kluba “oso pozik” dagoela nabarmenduz hasi du prentsaurrekoa: “Aspalditik jarraitu dugun jokalari gaztea da. Beti gustatu izan zaigu”.
Bere jokoa erakusteko gogoz dator Mannion eta argi utzi du taldeari egin nahi dion ekarpena: “Joko arina, azkarra eta dibertigarria egin nahi dut. Zaleek ondo pasatzea da garrantzitsuena”.
Ekitaldiaren ondoren, talde arabarreko joko-antolatzaile berriak zaleen maitasuna jaso du. Hainbat abonatuk jokalaria ezagutzeko eta tarte batean berarekin hitz egiteko aukera izan dute.