Komunikabideen eta zaleen aurrean aurkeztua izan da Buesa Arenako prentsa aretoan.
Chima Monekek bere kolore berriak erakutsi ditu Baskoniako jokalari berriaren aurkezpen ofizialean. Zorioneko 15 abonatuen eta komunikabideen aurrean aurkeztu dute Buesa Arenako prentsa aretoan Nigeriako jokalari karismatikoa. 27 urteko pibotak 95 dortsala eramango du kamisetan.
Chima oso pozik agertu da talde urdin-gorriko kide izateagatik eta bere taldekideekin izandako lehen hartu-emanei buruz hitz egin du: “Helburu berdina dugu, bide berdinean goaz. Oso pozik nago, etxean sentitzen naiz”. Nor den erakusteko gogoz dator Moneke: “Jokalari autentikoa naiz eta hori erakutsi beharra dut”.
Felix Fernandez, kirol zuzendariak, baskoniako jokalari berriak dituen gaitasun fisikoak goraipatu ditu: “Talde fisiko eta atletikoagoa osatzen ari gara. Aurrerapauso hori behar genuen”. Horrez gain, pibotaren balio-aniztasuna nabarmendu nahi izan du: “Chimari defentsarako gaitasuna ematen diogu, baina erasoan ere gaitasun handia du”.
Ekitaldiaren ostean, Chimak zale berriak ezagutu eta bertan zeuden abonatuen maitasuna sentitu du. Beraiekin sinadurak eta argazkiak partekatu ditu.